Itxialdia egin dute Aquariumean hainbat ekintzaile antiespezistek
Ia hiru orduz egon dira Aquarium barruan ekintzaileak; azkenean, Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu. Aske daude dagoeneko.
Urteroko legez, azaroaren 1a dela eta, Nor mugimendu antiespezistak elkarretaratzea egin du eguerdian kaiko arrapalan (12:00), Aquariumak animaliak “giltzapetuta” dituela salatzeko eta arrain horien zein animalia guztien “askapena” aldarrikatzeko. Aurtengo mobilizazioa, ordea, ekintza zuzen batekin batera egin dute.
Hain zuzen ere, ekintzaile talde bat Aquariumera sartu da, eta barruko tunelean eseri dira, bidea moztuz, itxialdi baketsua egiteko; “erresistentzia ekintza pasiboa” izan dela nabarmendu du Nor erakundeak. Bitartean, gainontzeko kideak kanpoan zeuden, babesa ematen. 12:30ak aldera, Ertzaintzaren hainbat unitate bertaratu dira, eta Aquariumeko sarreran jarri dira.
Barruan zeuden bisitari guztiak desalojatzeari ekin diote orduan agenteek, pixkanaka. Denak kanpoan zeudenean, barrura sartu dira ertzainak, indarrez eserialdiarekin amaitu dute eta ekintzaileak Pasealeku Berrian dagoen Aquariumeko aparkaleku sarreratik atera dituzte, talde txikietan. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, ekintzaileetako hiru atxilotuta eraman dituzte, baita bederatzi identifikatu ere. Komisariatik pasatu ostean, atxilotuak aske gelditu dira erresistentzia delitu batengatik kargupean, eta astelehenean joan beharko dira deklaratzera.