'Oddity' filmak irabazi du Beldurrezko Asteko Ikusleen Saria
Gaur iluntzean amaituko da Donostiako 35. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta palmaresa argitaratu du dagoeneko jaialdiak. Hain zuzen ere, asteazkenean Antzoki Zaharrean proiektatutako Oddity (Damian McCarthy, 2024) irlandarrak irabazi du saria.
Film laburrei dagokienez, Wander to Wonder (Nina Gantz, 2023) izan da Film Labur Onenaren Ikusleen Sariaren garailea, Playing God (Matteo Burani, 2024) animaziozko film labur onenarena eta La valla (Sam, 2024) Espainiako film labur onenarena.
Beste sariak
Heidi Honeycutt, Asier Mensuro eta Rocio Morenok osatu dute aurtengo jaialdiko epaimahai ofiziala, eta honako lan hauek saritu dituzte: alde batetik, Film Labur Onenaren Saria Wander to Wonder lanari eman diote, “unibertso berezia sortzeagatik eta berez animazioaren historiaren une bat halako nostalgiaz eta dekadentziaz iradokitzeagatik”. Bestetik, Europako Film Labur Onenaren Zilarrezko Méliès Saria Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra, 2024) filmari eman diote, “bere estilo bisual originalagatik, pandemiaren gaineko bere ikuspegi berritzaileagatik, eta istorio konplexua eraikitzeagatik, geruza, ikuspegi eta irakurketetan joria”.
Bestalde, gazte epaimahaiak Wander to Wonder-i eman dio, baita ere, Film Labur Onenaren Saria; Espainiako Film Labur Onenaren Syfy Saria La valla-ri eman diote; EITBren Euskal Film Labur Onenaren Saria (1.000 euro) Gizaki (Xanti Rodriguez, 2024) lanak jaso du eta Film Luze Onenaren Blogos de Oro Saria Bodegón con fantasmas (Enrique Buleo, 2024) obrari eman diote.
Kritikaren saria da Blogos de Oro, eta Manuel Aguilarrek (CineDePatio), Amaia Eguesek (Atemporalia), Maitane Illarretak (RavenHeart), Pako Mulerok (La Cabina de Nemo) eta Santi Serranok (Young España) osatu dute epaimahaia, “Nocilla ogitarteko eta ouija saioen haurtzaroan ainguratutako kostunbrismo ektoplasmikoaren kontaketagatik”. Azkenik, Fanzine Onenaren Ikusleen Saria Profund fanzineak jaso du.