«Tresna teoriko asko eman dizkit borrokan jarraitzeko»
Militantzia eta akademia batu ditu Uma Ulaziak (Mutriku, 2001) 'Euskal Herriko greba feministak’ saiakeran. Euskal Herriko Gazte Feministak sareko kideak barruko begirada baliatu du, 2019ko eta 2023ko greba orokorrak aztertu eta mugimenduaren diskurtsoa zehazteko. Antiguan du bizitokia egun, eta auzoan bertan elkartu gara berarekin.
Lisipe bildumako hamabosgarren liburua da zurea. Zer beharretatik sortu zenuen?
Liburu hau ez zen liburu gisa jaio. Nik politika ikasi dut, baina aldi berean, politika etxean bizi dut, neska* gazte feministen sarean nagoelako. Probetxuzko zer edo zer egin nahi nuen sarearentzat eta jakintza hori tresna gisa erabili mugimenduan.
Zaintzaren inguruan eta beste hainbat gairen inguruan mugimenduak duen diskurtsoa ordenatu behar izatetik sortu nuen, 2023an, gradu amaierako lana. Une horretan, Jule Goikoetxea nuen zuzendari, eta Lisipe liburu bildumako zuzendaria ere badenez, publikatzeko proposatu zidan.
Nola jaso zenuen berria?
Hasieran, sekulako sustoa hartu nuen. Batez ere, gradu amaierako lan bat zelako; barrura begira egindako lan bat. Azkenean, Jule Goikoetxearen babesarekin eta babes militantearekin, aurrera egitea erabaki nuen. Epez oso justu genbiltzanez, atzeratu egin genuen, eta, azkenean, iazko irailetik apirilera bitarte izan du lana fintzeko.
2019 eta 2023 urteetako grebak izan dituzu ardatz. Zein izan da greba horien heldulekua?
Zaintza egon da erdigunean, nagusiki. Ez nuke esango ardatzak desberdinak izan direnik, baina mundu ikuskera bai izan da desberdina eta horregatik konparatu ditut.
Planteamenduak ere desberdinak dira, baita borroka bideak ere. Eta, beraz, greba baten eta bestearen inpaktuak desberdinak dira eta diskurtsoak erabilgarritasun desberdin bat du.
Zeintzuk dira mundu ikuskera horiek?
2019ak balio izan digu, gerra kultural deitzen den horretan, utopia berriak planteatzeko, borrokak zabaltzeko eta mundu ikuskerak aldatzeko. Iraultzaileagoa da. 2019ko borroka hegemonia berri bat finkatzeko prozesu baten parte gisa ulertu behar dugu.
2023koa, kontrara, ez da hain apurtzailea. Zabalduta dagoen mundu ikuskera idealista eta existentzialista baino, negoziazio prozesuak ahalbidetzeko balio izan du: ratioak jaisteko, soldatak igotzeko… Mugimendu feministak bere egin du sindikatuaren estrategia klasikoa. Eta bizi baldintzak negoziatu ditu, estatuarekin eta kapitalarekin.
Greba horien inpaktua neurtzeko zertan oinarritu zara?
Neurtu baino, ikusi dut planteamendu horrek zer borroka bide irekitzen dituen. Ikusi dut 2019an ortzi muga berriak irekitzen zirela. Adibidez, emakumea eta gizona terminoen desagerpena planteatu zen. 2023an, berriz, berdintasuna planteatu zen emakumeen eta gizonen artean.
2019koa aztertuz gero, ikusiko dugu borroka feministak izaera iraultzaileagoa duela. 2023an, aldiz, negoziaziorako beharrezkoa du atxikimendua lortzea gizartearen gehiengoarekin, eta grebak arrakasta izatea. 2023ko ikuskerak eta borroka bideak ere moderazio batera eraman du, eta balio izan du emakumearen gehiagorekin sintonizatzeko, baita gizonen atxikimendua errazteko ere.
Barrura egindako lana izan da, nahiz eta ondoren, kanporatu. Autokritika ariketa horrek kezkaren bat sortu dizu?
Barrura begira, beti da positiboa, mugimendua bera indartzeko aukera ematen duen heinean. Indarguneez gain, ahulguneak ere identifikatu ditugu. Eztabaidetarako bidea eman ahal digu baita ere.
Kanpora begira, berriz, kezka sortu zitzaidan, baina uste dut aberasgarria izan dela. Interesgarriak dira barrutik sortzen diren analisiak. Ikusten duzu nondik abiatzen diren, badakizu idazten den hori zergatik idazten den, eta nondik idazten den.
Publiko orokorrarentzako lan bat dela esango zenuke?
Idazten nenbilen momentuan, pentsatzen nuen Mugimendu feministaren parte den edozeinek irakurtzeko modukoa zela. Berez lan akademiko baten gisan sortu nuen, eta lan akademiko gisa, ez du zertan erabilgarria izan behar Mugimendu feminista zabalarentzat.
Baina dibulgazio lan honetan bilakatu dut. Asko lagundu naute, baita ere, inguruan ditudan kide feministak; akademiatik ez datozenak, baina mugimendu feministan militatzen dutenak. Irakurketak egin dituzte eta zehaztu didate zer ulertzen den, zer aldatu behar den, eta non jarri behar nuen den arreta… Testuak aldaketak izan ditu eta horrek egin du interesgarri.
«Indartsua izan da sozialki, horretan sinesten dudalako, baina baita pertsonalki ere»
Ekarpen bat egin diozu mugimendu feministari. Zuri, ordea, zer nolako ekarpena egin dizu saiakerak?
Tresna teoriko asko eman dizkit borrokan jarraitzeko. Nik Mugimendu feministan jarraitzen dut diskurtsoa idazten. Honek aukera eman dit argitzeko, eta esaten dugunaren ondorioak zeintzuk diren zehazteko.
Prozesua bera, gainera, aberasgarria eta pozgarria izan da mugimenduko kide askorekin sortu dudalako. Hainbeste jende inplikatuta ikustea pozgarria da. Indartsua izan da sozialki, horretan sinesten dudalako, baina baita pertsonalki ere.
Lanak norabidea finkatzeko oinarriak eman dizkizu. Aurrera begira, berriz, zer?
Nik, pertsonalki, liburua doktoretza bekarako tesi proiektu gisa erabili dut . Ikerketaren jarraitzeko asmoa dut, estatuari dagokion ikuspegiari buruz sakontzen. Familia ere sartuko dut hizpide gisa, eta Espainiako Estatura zabaltzeko asmoa dut, beste mugimendu feminista batzuk nola dabiltzan ikusteko. Liburuari dagokionez, berriz, balio dezala balio dezala eztabaida politikoak hauspotzeko. •