Utopia?
Irakurri al duzue gaurko La Utopía egunkaria? Karlos I.aren hiribideko harresia azkenean eraitsi egin dela dakar azalean! Azkenean, auzoa ez dago zatituta.
Barruko orrialdeetako edukiak ere ez daude gaizki. Etxebizitza turistikoak debekatu eta desjabetu dituztela irakurri dut, eta horrela etxebizitza eskubidea eta zure auzoan zahartu ahal izatea bermatu dutela. HAPO berriari buruzko erreportaje bat ere irakurri dut: herritarren ahotsa eta proposamenak entzun dituzte behingoz, eta hiri bizigarri bat eraikitzeko HAPOa idatzi dute, berdeguneak porlanez bete gabe. Ondoren, albiste bikain bat dator: kale egoeran inor ez egotea lortu dute, eta, urteotan egindako lana aitortzeko, herritar solidarioei eman diete Urrezko Danborra. Eta, amaieran dator hoberena: dirua eta lana abolitu dituzte, orain bai garela benetan askeak!
Beste egunkari bat ere irakurtzen aritu naiz, La Distopía zela uste dut. Horrek bertsio kontrajarriak dakartza: etxebizitza eskubideari baino, jabetza pribatuari eman omen diote lehentasuna; HAPOaren inguruko herritarren proposamenak galdu omen dira; kale egoeran dagoen herritar kopurua murriztetik urrun dago eta benetan askeak izan gabe jarraitzen dugu. Edo, agian, La Realidad zen egunkari hori?
Bueno, lasai egon, itxaropena badago eta: noizbait, lehenengo La Utopía-n irakurritako gauza batzuk La Realidad-en irakurri izan ditut ondoren. Ezer ez delako betirako.