XX. mendearen lehen erdiko Donostiarekin aurrez aurre
Galarza argazkilari sendiak argazkietan inprimatuta utzi zuen XX. mendearen lehen erdiko Donostia. San Telmo museoak bilduma hori erakusgai jarri du, eta, une batez bada ere, denboran atzera bidaiatzeko aukera eskaintzen du.
Ba al dakizue nolakoa zen Donostia XX. mendearen hasieran? Garai hartan, bazen familia bat hirian, argazkilaritza eta posta txartelen editoretza lanbide zuena. Galarzatarrak ziren, eta San Telmo museoak haien ondarea jarri du ikusgai, Donostiaren oroigarri. Galarza argazki bilduma erakusketaren bidez.
Hain zuzen ere, Gregorio Gonzalez Galarza (Zegama, 1869 – Donostia, 1948) eta Carmelo Gonzalez Campano (Donostia, 1895-1959) aita-semeen 140 argazki inguru ikus daitezke bertan. Lehenengoa, Zegaman jaio bazen ere, berehala etorri zen Donostiara bizitzera. Gaztetatik izan zen argazkilaritza zalea, eta ofizioa ikastea erabaki zuen. Horrez gain, 1899an, postari lanetan hasi zen, eta 1929ra arte jardun zuen lanbide horretan, 60 urterekin erretiroa hartu zuen arte.
Postari izan bazen ere, bere lana hertsiki lotuta egon zen argazkilaritzarekin. Izan ere, posta txartel ilustratuen bidalketek gorakada handia izan zuten garai hartan. Fototipiaren aurrerapenari esker, argazki erreprodukzioak kalitate hobeagokoak eta merkeagoak izaten hasi ziren, eta gainera, 1906tik aurrera, Correosek posta txartelaren atzealdea bitan banatzeko baimena eman zuen, batean helbidea idazteko, eta bestean, testua. Aurrealde osoa, berriz, argazkiak hartzen zuen. Hori dela eta, ugaritu egin zen postalen erabilera, eta aproposa izan zen argazkilari askorentzat, posta txartelen editore eta inprimatzaile bihurtzeko.
Carmelo Gonzalez semeak aitarekin ikasi zuen argazkilari lanbidea, eta profesionalki ere horretan jardun zuen. Argazkilaritzako hainbat denda izan zituen Donostian, eta bere arrebak ere aritu ziren negozio horretan.
Galarzatarren argazkietan XX. mende hasierako Donostia ikus daiteke, eta auzoen eta kulturaren garapena erakusten dute
Argazkietako Donostia
Erreportaje honetan ikus ditzakezuen argazkiak erakusketan bertan daude. Lehenengoa, Donostiako kaikoa da, historikoki hiriko merkataritza jardueren erdigunea izan zena. XIX. mendera arte, Kontsulatuaren dorretxea (egungo Euskal Itsas Museoa) zen kaiko eraikin bakarra, eta 1813an Donostia erre zutenean, salbatu zen eraikin bakarrenetakoa izan zen.
1850eko hamarkadan, dartsena berri bat eraiki zuten merkataritza ontzi handiagoei lekua egiteko. Gainera, arrantzaleentzako etxeak eraiki zituzten, eta kaia gero eta biziagoa izaten hasi zen. Erakusketako azalpenean ageri denez, «sardinaz beteriko lurrunontzi txikien etorrerak hiriko lekurik jendetsuenetariko bat bihurtzen zuen kaiaren ingurua; ez alferrik, La Jarana auzoa deitzen zitzaion».
Goian, Ondarretako hondartza ageri da. 1875ean, Antigua auzo landatarra zen, eta bertako hareatzera lekualdatu zen goarnizio militarraren maniobra eremua, Alderdi Ederrekoa utzita. XX. mendearen hasieran, Alfontso XIII.a erregea maniobra eremua hipika gisa erabiltzen hasi zen, eta lehen aireplanoak agertu zirenean, aerodromo gisa erabili zuten, 1913ko argazkian ikus daitekeen moduan.
Hemen goian, berriz, Gros auzoa eta Txofre zezen plaza ikus daitezke, 1914. urtean. 1891n, Jose Goikoa udal arkitektoak auzoa urbanizatzeko proiektua egin zuen. Kostaldeko muga Kolon pasealekuan ezarri zen, eta berehala hasi ziren familia bakarreko txaletak eraikitzen, Zurriola hondartzaren aurrean.
1903an, Txofre zezen plaza inauguratu zuten Grosen, eta hiriko irudi famatu bihurtu zen. Altzako harri arrosekin eraiki zuten, eta pilastretarako Igeldoko hareharria erabili zuten. Urtebete baino gutxiagoan eraiki zuten, eta 15.000 ikuslerentzako tokia zuen. 1974ra arte egon zen zezen plaza zutik.
Donostiako argazki historikoak ikusteko eta haien inguruko xehetasun gehiago jakiteko, jo erakusketara, 2025ko urtarrilaren 26a baino lehen.