Bertan behera utzi du 'Lo que no te cuentan de Donosti' taldeak gaurko elkarretaratzea
Sare sozialetan iragarri dutenez, ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ taldeak bertan behera utzi du gaurko antolatuta zuen elkarretaratzea. Amarako Easo plazan zegoen aurreikusita mobilizazioa, eta hain zuzen, mobilizazio honi aurre egiteko, hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazistak kontramanifestazioa prestatu zuten Aniztasuna, elkartasuna eta segurtasuna bai. Arrazakeria, klasismoa, faxismoa ez lelopean (azken mobilizazio honen deialdia mantendu egin da).
Izan ere, LQNTCDD taldearen baitan hainbat elementu faxista eta arrazista daudela salatu dute herri eragileek, eta, besteak beste, Kaleko Afari Solidarioen kontrakoak izan dira egindako mobilizazio deialdiak. Taldeak esaten duenez, mobilizazioek ez dute afariekin zer ikusirik, baina Egian egindako bi mobilizazioak eta datozen asteetan Amara Berrin eta Parte Zaharrean antolatu dituzten elkarretaratzeak auzo horietako afari solidarioen ordu eta leku berean dira.
Hedabide honek, ostiralean, gaiari lotutako erreportaje zabala argitaratu zuen Donostian eskuin mutur berriaren eta segurtasunaren eztabaidaren atzean dagoen harremanaz.