Ireki dute Jazzaldiko tokiko taldeen hautaketa prozesuan izena emateko epea
Urteroko legez, Jazzaldiak abiatu du tokiko taldeen hautaketa prozesua. 2025ko uztailaren 22tik 27ra izango da Donostiako 60. Jazzaldia, eta hamar kontzertu erreserbatuta daude prozesu honetan hautatuko Euskal Herriko hamar talderentzat. Izen ematea zabalik dago hilaren 29ra arte (14:00); jaialdiaren webgunean kontsultatu daitezke oinarriak, baita izena eman ere.
Izena ematen dutenen artean, jaialdiak hamabost hautatuko ditu, datozen urtarriletik apirilera hiriko hainbat espaziotan kontzertu bana eman dezaten. Ikusleek taldeak puntuatzeko aukera izango dute, eta puntuazio altuena jasotzen dituzten hamar taldeek joko dute 60. Jazzaldiko agertokietan.
Hamar horiek, hala ere, ez dira Jazzaldian arituko diren talde euskal herritar bakarrak, jaialdiak modu zuzenean programatzen baititu urtero beste hainbat. 2006an abiatu zuen Jazzaldiak tokiko taldeen hautaketa prozesua eta urtero egiten dute ordutik; iaz, 62 taldek eman zuten izena.