Nerea Elustondok irabazi du Tolosan eta osatu dira finalerdiak
Legazpiarrak 500 punturekin Tolosako Leidor Areto betean finalerdietarako txartela eskuratu du. Bere atzetik gelditu dira Maider Arregi (494,5 p.), Andoni Rekondo (479,5 p.), Mantxi (473,5 p.), Jon Gurrutxaga (460 p.) eta Aitor Tatiegi (446,5 p.).
Tolosako saioak erabakita utzi ditu finalerdietan arituko diren hemezortzi bertsolariak. Tolosan kantatu duten lehenengo lauak finalerdietara sailkatu dira eta finalerdien atarian hemeretzigarren postuan gelditu da Jon Gurrutxaga azpeitiarra. Aner Peritz Euzkitze sartu da azken postuan, hemezortzigarren, 465,5 punturekin. Oiartzunen, Zarautzen eta Arrasaten izango dira finalaren aurretik gelditzen diren hiru saioak.
Finalerdietarako sailkapena soilik ez zegoen jokoan, 2026an izango den Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera ere Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan egindakoaren arabera baitoa. Ez dakigu 2022an parte hartu zuten finalistetatik zenbatek egingo dioten uko 2026ko beraien plazari, ez dirudi inork txapelketak utziko dituenik 2026a baino lehen. Orain artean, 42 bertsolarik hartu izan dute parte Txapelketa Nagusi bakoitzean. Ikusi beharko da antolatzaileek kopuru bera mantentzen duten edo handitu egingo duten bertsolari kopurua, Araban, Nafarroan eta Xilaban bertsolarien maila asko igo baita azken urteotan. Mendiluze, Lujanbio, Gaztelumendi eta Martin finalistak izan zirenez 2022ko txapelketan, jadanik sailkatuta daude hurrengo txapelketa handirako eta beraiekin batera beste hamalau gipuzkoarrek kantatuko dute Txapelketa Nagusian orain arteko egiturari jarraituz gero. Hori horrela izanik, Gipuzkoako finalerdietan dauden hemezortzi bertsolarietatik azken biek ez dute ziurtatuta edukiko 2026an kantatzea, momentuz. Beraz, Illunberako txartela bakarrik ez dago jokoan finalerdi hauetan.
Azaroaren 17an Oiartzungo Elorsoro Kiroldegian izango da hiru finalerdietako lehenengoa. Bertan kantuan izango dira Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Nerea Elustondo Plazaola eta Oier Etxeberria Zubimendi. Handik astebetera, Zarauzko Aritzbatalde Udal Kiroldegian Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Eneko Araiztegi Agirre, Eneritz Artetxe Eizagirre eta Unai Mendizabal Jauregi. Azken finalerdia Arrasaten izango da abenduaren lehen egunean Uarkape Pilotalekuan eta Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikoren Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Maider Arregi Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran. Guztira hemezortzi bertsolari ibiliko dira Illunbeko oholtza gaineko zortzi aulkietako bat eurenganatu nahian.
Tolosako saioari behingoz helduta, saio aparta xehetuz, Nerea Elustondok bere ohiko maila erakutsi du 850 bertsozaletik gora zeuden Leidor Aretoan. Orain arteko saiorik jendetsuena izan da, asteazkenetik sarrera guztiak agortuta zeuden. Elustondo, duela bost urte, finalistetako bat izan zen eta Illunbera iristeko bide sigisagatsuan tinko jarraitzen du. Ofizio guztietan asmatu du eta ederki ibili da puntu-erantzunetan ere. Hautagai nagusietako bat dela argi utzi du eta inoizko finalerdirik estuenen aurrean gaudela esan beharra dago. Hautagai asko daude eta zortzi aulki bakarrik libre, beste hamarrek publikoaren berotasunetik jarraitu beharko dute finala.
Bigarren izan da Maider Arregi oñatiarra. Elustondo bezain ondo ibili da ofizio guztietan eta ez du inon hutsik egin. Azpimarratzekoa da Arregik egin duen ganbarakoa, ganbarakoen artean berea izan baita bertsoaldirik puntuatuena. “Beste begirada batekin begiratu diozu gaur” izan da Igotz Alkorta aurkezleak plazaratutako ganbarako-gaia. Bere auzo berean bizi zen etorkinaren zailtasunak ekarri ditu Arregik, hiru bertso eder eta borobil-borobilak osatuz.
Hirugarren egin du Andoni Rekondok 479,5 puntu eskuratuta. Hernaniarrak oso saio txukuna egin du eta orain arte erakutsita zeukan maila horretan egin du bertsotan Tolosan ere. Irribarretsu iritsi da eta irribarretsu jeitsi da Leidor Aretoko oholtza gainetik. Hasierako agurrean ederki aurreratu digu Tolosara zekarren intentzioa zein zen: “Zortzirehun lagun asko diranez/ lehenengo inpresiyuan/ hobe da zifrak geroko utzi/ kalkuluko sesiyuan/ arratsalde on, Tolosa zemuz?/ gu bertso intentziyuan/ gozamen pixkat topatu nahian/ zenbakien presiyuan/ gure larrua saltzeko asmoz/ babarrunen preziyuan”. Eta babarrunen preziyuan ibili da Rekondo hasieratik, debutari batek normalean izaten dituen urduritasun eta tentsio kaltegarrietatik urrun. Ale politak eskaini dizkigu eta puntu-erantzunetan koska ederra atera die gainontzeko bertsolariei. Ganbaran irrist egin du baina hala ere 90 puntuko ganbarakoa erdietsi du. Bestela, lehenengo postuaren borroka betean izango zen Rekondo. Harro egoteko moduko saio egin du eta honela agurtu ditu bere kuadrilakoak bukaerako agurrean: “Nahiz ez dakidan non kristo dauden/ jarri naiz kuadrilara so/ bertso kantuan behin hasi giñan/ Akarregin zen akaso/ orduz geroztik kultur zein koplak/ ez dira izan arazo/ ta nahiz juerga egin atzo/ gaur bertara pausoz pauso/ finalerdira sailkatu naiz ta/ beste hamabost eurazo/ ta bertan ere noski nahi nuke/ zuen maitasuna jaso”. Aurtengo sorpresa izan daiteke jende askorentzat ezezaguna den aldetik, baina ezin zaio sorpresa deitu bertsotan nola egiten duen ezagutzen baduzu. Galtzeko ez du ezer eta finalerdietan hordagoa jotzeko asmotan plazaratuko da. Argi honekin ere.
Laugarren postuan, 473,5 punturekin Mantxi izan da. Zarauztarrak ohiko umoretik heldu dio aukera izan duen ariketa guztietan eta ganbarako eder batekin amaitu du saio puntuagarria. Konfiantzaz beterik iritsiko da Arrasaten kantatzea egokitu zaion finalerdietako saiora. Esperientzia soberan du eta Gipuzkoako finalera sailkatzeko ametsa egikaritu nahiko du.
460 punturekin, bosgarren, zapore mikatzarekin gelditu da Jon Gurrutxaga azpeitiarra. Ederki ibili da bertsotan eta edukiz oso ongi bete ditu bertsoak, proposatutako gaiak hitz-tekniko zehatz eta egokiekin kokatuz. Puntu-erantzunetan puntuazio baxu samarra jaso du egin duenerako. Ondo lotu ditu Alkortak kantatu dizkion hiru puntuak eta ez zaigu iruditu gaizki ibili denik. Puntuazio onena eskuratu dutenekin alderatuta, oso maila antzekoan ibili da puntu-erantzunetan, baina epaileek ez dute berdina adierazi. Nabaritu ez dugun akatsen bat egingo zuen akaso. Ganbaran ez du guztiz asmatu eta finalerdietan kantatzetik postu bakarrera gelditu da, bost puntu eskasengatik. Hala ere, bejondeiola Gurruri, Urretxuko arantza kendu baitu, nahiz eta puntuazioz ez sailkatu hurrengo fasera, saio oso polita osatu du azpeitiarrak.
Seigarren postua erdietsi du Tatiegi oñatiarrak. Hamarreko txikian puntu gutxi batu ditu eta horrek besteekin zuen diferentzia kolpe bakarrean handitu du. Saio goxoa egin du Tatiegik, bere ohiko kantaera zintzo erabili du eta ez du akats handirik egin. Sorta politak osatu ditu eta nahiz eta azken postuan gelditu, pozik etxeratzeko moduko saioa egin du 2001ean Oñatin jaiotako bertsolariak.
Beraz, amaitu dira aurtengo final-laurdenak eta hogeita hamar bertsolaritatik hemezortzik eskuratu dute finalerdietan kantatzeko txartela. Tartean, sorpresak egon dira eta izen handiko bertsolariak lehiatik kanpo gelditu dira. Baina bertsoak hori du, sorpresarik gabe bat-batean sortu behar dira bertsoak eta beti ezin dira etxean egindako prestaketak nahi bezala plazara ekarri. Bitartean, astebeteko atsedena izango dugu bertsolari eta bertsozaleok eta azaroaren 17an itzuliko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Final-laurdenek izan duten mailaren bidetik badatoz, hiru saio gogoangarri izango ditugu gozatzeko. Ea hala den.