Hainbat musikari euskaldunek Som Valencia egitasmo solidarioarekin bat egin dute
Valentziako hondamendiari aurre egiteko, Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko 200 musikarik baino gehiagok bat egin dute Som Valencia egitasmoan, kontzertu solidarioen bidez laguntza eskaintzeko. Tartean daude Olatz Salvador, Sara Zozaya eta Izaro donostiarrak, eta beste hainbat musikari euskaldun: Zea Mays, Zetak, Ezezez, Belako, Hofe, Chill Mafia eta abar. Izen handiko beste musikari mordoa dago egitasmoan, hala nola: Alizzz, Judeline, Maria Arnal, Carolina Durante, la M.O.D.A., Rita Payes…
Bartzelonako Hidden Track Records zigiluak egin zuen proposamena, eta azkar batean, industria osoko eragile eta profesionalak batu dira, SOM VALÈNCIA sortuz. Egitasmoa irekita dagoen arren, Donostian eta Bilbon izango dira jarduerak, baita Bartzelona, Sevilla, Burgos, Madril, Lleida, Girona, Granada, eta Zaragozan, besteak beste.
Azaroaren 11tik aurrera, hainbat kontzertu izango dira hiri hauetan, eta eskuratzen den diru guzti-guztia Horta Sud fundazioarentzat izango da. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta 50 urte baino gehiago darama kultura jarduerak antolatzen.
Ekitaldi guztiek 15 eta 20 euro arteko prezioa izango dute, eta sarrerak ostegun honetatik, azaroaren 7tik, aurrera erosi ahal izango dira, 12:00etan, DICEren bidez. DICEk komisioa kobratzeari uko egiteaz gain, banku transakzioaren zenbatekoa bere gain hartuko du, dohaintzan emandako diru guztia hartzaileengana osorik irits dadin.