Parte Zaharrean Bizirentzat «zentzugabekeria» da aldamioengatik gehiago ordaintzea terrazengatik baino
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu duenez, Donostiako udal ordenantzetan terrazak jartzea askoz merkeagoa da aldamioak jartzea baino. Aurkeztu duten txostenean erakusten denez, ez da horrela beste hiriburu batzuetan.
Eman dituzten datuen arabera, Donostian, 50 m2-ko aldamio batek, lehen kategoriako kale batean, eta sei hilabete iraungo duen birgaitze obra bat egiteko, 12.640 € ordainduko lituzke. 50 m2-ko terraza batek, lehen kategoriako kale batean, eta 6 hilabeterako, 5.454 € ordainduko lituzke.
Udalek dituzte zerga hauen eskumenak, eta aurkeztutako datuen arabera, ez dituzte irizpide berdinak erabiltzen Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan. Donostian metro karratuko 19,89 ordaintzen da aldamioengatik, eta 8, 47 terrazengatik; Bilbon, 2,35 aldamioengatik eta 4,46 terrazengatik; Gasteizen 4,35 aldamioengatik eta 2,39 terrazengatik; eta Iruñean, 1,28 aldamioengatik eta 1,73 terrazengatik. Hau da, Donostian 2,35 aldiz gehiago ordaintzen da aldamio batengatik, eta Bilbon, adibidez, gutxiago terrazagatik baino.
“Zentzugabekeria” dela diote Parte Zaharrean Bizi auzo elkartekoek: “Donostia da hiribururik garestiena eurotan, garestiena portzentajean eta eskasena progresibotasunean, eraikina konpontzeko aldamioak lehenetsi beharrean etekin pribatua lortzeko terrazak hobetsiz. Donostiako ordenantza fiskalak berrikusieta zuzendu egin beharko lirateke”.