Solbes Gourmet elikagai kate historikoak Donostian dituen hiru dendak itxiko ditu
Ehun urte baino gehiago dituen Solbes Gourmet banaketa, elikadura eta edari denden kateak ateak itxiko ditu. Enpresa irundarra da izatez, baina Donostian hiru denda ditu, Aieten, Grosen eta Aldamar kalean.
El Diario Vasco egunkariak jakinarazi du berria, eta azaldu du kontsumo ereduaren aldaketak eta prezioak jaisteko aukera handiagoa duten banaketa kate gero eta handiagoak hirietan sartzeak eragin duela dendak itxi beharra. “Solbes Gourmetek amaiera eman dio kalitatezko produktuak denda txikietan saltzean oinarritutako bere negozioari”, adierazi du aipaturiko egunkariak.
Banaketa kate handien konpetentziari aurre egiteko zailtasunez gain, langile kualifikatuak bilatzeko eta asteburuetan lan egiteko zailtasunak izan dituztela ere aitortu du kateak. Horrela, enpresa likidatu eta denda guztiak behin betiko itxiko dituztela baieztatu dute.