Azaroko egitaraua prest dauka Emakumeen Etxeak: hitzaldiak, ikastaroak eta beste
Donostiako Emakumeen Etxeak jarduera ugari antolatu ditu azarorako, datorren astetik hasita, hilabete bukaerara.
Asteazkenean (hilak 13), Emakumeen Etxeko asanblada orokorra egingo dute (19:00); hilaren 16an, Estefania Acienek Trataren aurkako irakurketa antirrazista bat hitzaldia eskainiko du (12:00); hilaren 19an, zineforum feminista antolatu dute, Arnasa betean emakume zinegileak (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufla) filmaren proiekzioaren bueltan (19:00); hilaren 29an, Emakumeek idatzitako misteriozko literaturan ibilbidea hitzaldia emango du Ana Zamoranok (18:30) eta, hilaren 30ean, autodefentsa feminista ikastaroa antolatu dute, egun osoan zehar (izena eman behar da).
Horrez gain, hilaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da, eta, beraz, Donostian mugimendu feministak antolatu duen manifestazioarekin bat egitera deitu dute: 19:00etan abiatuko da, Bulebarretik.