Garagardoarekin topa egin nahi dute
Realak Europa ligako partida jokatuko du Txekian, Viktoria Plzen taldearen kontra (21:00).
Final-zortzirenetara sailkatzeko, Realari soilik irabazteak balio dio. Europa ligaren formatu aldaketarekin, sailkapeneko zortzi onenak pasatuko dira hurrengo kanporaketara. Une honetan, txuri-urdinak hamazazpigarren tokian daude lau punturekin —bederatzitik—. Beraz, etxetik kanpo bigarren garaipena jarraian lortzea ezinbestekoa da.
Txekiako Viktoria Plzen taldearen aurka ariko dira, Pilsen, garagardoaren hirian (21:00). Txuri-urdinek baino puntu bat gutxiago dute, jokaturiko partida guztiak berdindu ondoren. Hau da, ez dute neurketarik galdu. Hortaz, Realak estu hartu beharko du talde txekiarra garaipena eskuratzeko.
Imanol Alguacilek 23 jokalari izango ditu bere aginduetara. Aihen —laster aita izango da—, Turrientes eta Barrenetxea Donostian geratu ziren. Min hartuta dauden Traore, Marin eta Zakharyan ere ez ziren deialdian sartu. Horiek horrela, hamaikakoan aldaketak aurreikusten dira. Esaterako, baliteke Oskarsson aurrelariak eta Pacheco atzelariak hasieratik jokatzea.