«Parkea bai, parkinga ez!»
Sorleku parkearen aldeko protesta koloretsua eta jendetsua egin dute Marrutxipin, gaur arratsaldean. 'Parkingik ez, parkea orain!' lelopean, parkea jartzea aurreikusten den lursailari buelta bat eman diote aldarrikapen oihuen artean, eta bidean hainbat pankarta jarri dituzte.
Ehunka haurrek eta gurasok parte hartu dute Sorleku parkea Intxaurrondoko Marrutxipi eremuan jartzearen aldeko mobilizazioan. Zurriola Ikastolako guraso eta auzotar batzuek antolaturiko egitasmoak harrera koloretsua izan du. Izan ere, haurrek marrazki eta pankarta ugari eraman dituzte.
Parkingik ez, parkea orain! lelopean, 17:00ak inguruan abiatu dira txiki geratu den Maritxu Guler parketik, trikiti eta pandero hotsez lagunduta. Ondoren, Sorleku parkea jartzea aurreikusten duen eremuari buelta bat eman diote kanpotik. Bidean, aipaturiko marrazki eta pankartak itsatsi dituzte. Azkenik, Marrutxipiko lursailaren barrura sartu dira, eta han bukatu dute protesta koloretsua. “Parkea bai, parkinga ez!” oihua izan da martxako kideek gehien errepikatu dutena. Bukatzeko, haurrak sokasaltoan hasi dira, familiak eta auzotarrak inguruan zituztela.
Mobilizazio arrakastatsuaren ondoren, agerian geratu da auzoak, auzotarrek, haurrek eta familiek Sorleku gisako parke bat behar dutela. Gainera, aurreikusitako eta gehiengo batek babesturiko kokalekuan.