Pintaketak egin dituzte Mercadonan, Valentzian izandako jarrera salatzeko
Hainbat ezezagunek pintaketak egin dituzte Belartzako Mercadonan, enpresak Valentzian izandako jarrera salatzeko. “Gure hildakoak, zuen irabaziak” idatzi dute atean.
Gogor kritikatua izan da Mercadona enpresa, DANA denboralearen erdian langileak lanera joatera behartuz, horietako asko arrisku larrian utziz. Aste honetan bertan, enpresako lehendakari Juan Roigek eztabaida izan zuen hainbat gazterekin. Gazteek aurpegiratu zioten jendea arriskuan jarri zuela, eta hark, iraindu eta supermerkatutik kanporatu zituen.
Valentziako gertakariek haserrea sortu dute politikariek eta enpresariek izandako jarreraren inguruan. Elkartasun uholdeaz gain, hainbat mobilizazio daude antolatuta, eta besteak beste, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak mobilizatzera deitu du Bilbon eta Iruñean.
“EHKStik Valentziako eta gainontzeko lurraldeetako herri langileari elkartasun osoa adierazten diogu”, esan du mobilizazioen berri ematean, eta salatu dute “erantzule zuzenak” dituela egoerak: “Neurriak hartu zitezkeen, bai ekaitzaren aurretik, baita ekaitzaren ondoren ere. Eta hartu dituzte, baina negozioen alde; eta langileen aurka”.
EHKSk enpresariak jarri ditu jomugan: “Herritarrak lanera joatera derrigortu zituzten hondamendia gertatu zen egunean, eta haien bizitzak arriskuan jartzera behartu. Oraindik ere ikus daiteke antzekorik, txikizioa jazo den herrietako biztanle ugari lanera joatera behartzen ari baitira, horretarako garraio-baliabiderik existitzen ez den arren eta beraien ingurune guztia berreskuratzen hasteko nahikoa lan daukaten arren”.