Victor Lasak udalaren etxebizitza politika kritikatu du, Illarrako sententziaren harira
Victor Lasa Elkarrekin Donostiako zinegotziaren ustez, “oso gertakari larria” da Illarra eta Ereskiko hirigintza plana partzialki baliogabetu berri duen sententzia. Sententziaren arabera, legez, etxebizitza publikoen %75 eskatzen du sustapen berriak, eta ez udalak defendatzen duen %40.
Lasaren ustez, epai honek erakusten du “udalak etxebizitza publikoa maximizatzeko betebeharra saihestu duela, eta nahita egin duela, ehunekoa murrizteko”. Lasak gogoratzen duenez, udalbatzarrean proposamen honen kontra egin zuten.
Elkarrekin Donostiarentzat, epai honek “aurrekari garrantzitsu” bat ezartzen du, Illarrari ez ezik, etorkizuneko sustapen guztiei ere eragiten diena. Epaiak agerian uzten du udalak erabiltzen dituen irizpideak “okerrak” direla, eta “nahita alboratzen” dituela: “Horrek funtsezko proiektuak baldintza litzake, hala nola Loiolako kuartelak”, gehitu du Lasak.
Elkarrekin Donostia taldeak “etxebizitza publikoarekin duen konpromisoa” berretsi du eta udal gobernuak lurzoru publikoaren kudeaketan duen “gardentasun eta erantzukizun falta” salatu du. Victor Lasak hiriko hirigintza proiektu bakoitzean etxebizitza babestuak “maximizatzearen” garrantzia nabarmendu, Udalari “interes pribatuak alde batera uzteko eta Donostiak hainbeste behar dituen etxebizitza publikoen legeak betetzeko” eskatuz.