27.722 korrikalari, Behobia-Donostian
59. Behobia-Donostia lasterketa egingo dute igandean, eta antolakuntzak ekitaldiaren inguruko xehetasun guztiak azaldu ditu. Lehen aldiz, parte hartzaileen adin tartea jaitsi egin da, eta emakumezkoak %31,44 izango dira.
Etzi egingo dute 59. Behobia-Donostia lasterketa, eta 27.722 korrikalarik hartuko dute parte. Korrikalari guztietatik, 8.716 emakumeak izango dira (%31,44); inoizko emakume kopururik altuena da lasterketa honetan. Gainera, lehen aldiz, izen emate gehien duen adin tartea 26-30 da, 31-35 tarteak jarraituta. Azken urteotan, 41-45 tartea izan da izen emate gehien izan duena.
Asteartean aurkeztu zuen lasterketa Iñigo Etxeberriak, Behobia-Donostiaren koordinatzaileak, Pio Baroja kiroldegian. Jakinarazi zuenez, aurten, aurreko urteetan bezala, lasterketaren poltsa jasotzeko puntu bat besterik ez da izango. Kursaalean kokatuko dute puntu hori, azaroaren 8an, 12:00etatik 21:00etara, eta azaroaren 9an, 10:00etatik 20:00etara. Bertan, poltsa jasotzeaz gain, kontsigna aurreratua egongo da.
Kursaaleko kontsignaz gain, igandean bertan, beste bi kontsigna ere egokituko dituzte. Bata, Gipuzkoa plazan egongo da, 07:30etik aurrera. Bigarrena, aldiz, irteera puntuan jarriko dute, 08:30ean hasita.
Parte hartzaileen inguruko datu gehiago ere eman zituen Etxeberriak. Jatorriari dagokionez, parte hartzaile gehienak Kataluniakoak dira (6.012), bigarren lekuan gipuzkoarrak daude (5.957) eta hirugarrenean, berriz, Madrilgoak (3.562). Korrikalari guztietatik, donostiarrak 2.544 dira.
Lasterketa
Ibilbideak 20 kilometro eta 196 metroko distantzia du, Irundik (nazioarteko zubiaren ondoan) hasi eta Donostiaraino. Irteerako alfonbratik pasatu ondoren, helmugara iristeko gehienezko denbora 2:35 ordu izango da.
Behobia-Donostia lasterketa 09:30ean hasiko da. Lehenengo, aulkiak eta esku bizikletak irtengo dira, patinatzaileak 09:35ean eta, azkenik, korrikalariak, 09:55etik aurrera.
Antolatzaileek gogorarazi zutenez, Behobia-Donostia lasterketak «dezenteko ahalegina» eskatzen duen ibilbidea du, bi malda garrantzitsurekin: Gaintxurizketa gainera doana (7. kilometroan) eta Mirakruz gainera doana (17. kilometroan). Horiez gain, igoera eta jaitsiera txikiagoak ere baditu, «baina ahalegina kudeatzerakoan kontutan hartu beharrekoak». Lasterketak, orotara, 192 metroko igoera du.
09:30ean aulkiak eta esku bizikletak aterako dira, patinatzaileak 09:35ean, eta korrikalariak 09:55etik aurrera
Ibilbidean zehar, zazpi hornidura puntu egongo dira, eta hamalau animazio puntu korrikalarien partaidetza girotzeko. Helmugan ere, hainbat gauza jan eta edateko aukera izango dute parte hartzaileek, eta bakoitzari domina bana emango diote.
Lasterketa amaitu ostean, sari banaketa Bulebarreko kioskoan egingo dute, 12:00etan. Aurretik, gurpil aulkiko eta esku bizikletako parte hartzaileak sarituko dituzte, 10:40ean, eta patinatzaileak 11:00etan.
Dutxei dagokionez, hainbat esparru egokituko dituzte: Ondarretako eta Kontxako kabinak, Pio Baroja kiroldegia, Manteo kiroldegia eta Anoetako belodromoa.
Dortsal solidarioak
Behobia-Donostiak dortsal solidarioaren bidez izena emateko aukera luzatu du aurten ere. «Egitasmo honek arrakasta handia izan du munduko lasterketa onenetako batzuetan», nabarmendu zuten antolatzaileek. Dortsal solidarioei esker, norberak aukeratutako interes sozialeko proiektuei laguntzeko aukera dago, gutxienez, zazpi euroko donazioa eginez. Era berean, antolakuntzak proiektu sozialetarako euro bat emango du saldutako dortsal solidario bakoitzeko.
Aurten, bederatzi proiektu solidario ditu lasterketak: Atece, Sindrome de Dravet fundazioa, Adela fundazioa, Arnasa fundazioa, Haur Eri elkartea, Gurutze Gorria, Amigos Solidarios, Vicente Ferrer eta Maga fundazioa.