Behobia-Donostiako erregina
Gipuzkoako korrikalari ezagunenetako bat da Maria Luisa Irizar. Baserriko lanekin uztartu zuen goi mailako kirola, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Nazioarteko podiumak ez ezik, etxekoak ere egin zituen bere, eta zazpi aldiz irabazi zuen Behobia-Donostia.
Behobia-Donostia lasterketa gehien irabazi dituen korrikalaria da Maria Luisa Irizar (Andoain, 1964). Atleta andoaindarra erreferente eta aitzindari izan da euskal kirolean, 1980ko hamarkadaz geroztik. Goi mailako kirolaria izan arren, ez zuen lasterketetarako prestakuntza berezirik izan inoiz. Hori ez zuen oztopo izan, ordea, Andoaingo Garro baserriko apaletan sari andana metatzeko.
Gaztetatik hasi zen Irizar lehiatzen. Las Provincias egunkariari egindako elkarrizketa batean gogoratzen zuen moduan, baserriko lanekin egin zen gogor kirolerako: «Batetik bestera ibiltzen nintzen, ganaduarentzako belarra mozten, herrira esnea jaisten…». 15 urte zituela, eskolako ospakizunen lasterketak irabazi zituen eta, ordutik, hamar kilometroko probetan, krosetan eta Euskal Herriko txapelketa handietan nagusitzen hasi zen.
Urteetan sarien zerrenda zabala osatu zuen andoaindarrak. Espainiako Estatuko txapeldun izan zen zortzi aldiz: birritan 20 kilometrotan eta 10.000 metrotan, eta lau aldiz maratoietan. Maratoietan, gainera, inoiz erregistratu den euskal markarik onena mantendu du emakumezkoetan, 1991 urteaz geroztik (2:36.28). Nolanahi ere, egun, Behobia-Donostia gehien irabazi dituen kirolaria izateagatik da ezaguna. «Behobiako erregina» izendatuta, zazpi txapel irabazi zituen, eta, 2005etik, Bulebarreko helmuga gurutzatzen duen lehen gipuzkoarrak «Maria Luisa Irizar» saria jaso ohi du.
Lasterketa mordoa irabazi arren, Irizarren prestakuntza bitxiak harritzen du askotan: «Proben aurretik karbohidratoak hartu behar nituela esaten zidaten, baina nire amak potajea, patata tortilla eta baserriko txerrien urdaia jartzen zizkidan», aitortu zuen Noticias de Gipuzkoa-ri emandako elkarrizketa batean.
Familia xume bateko alaba izanik, baliabide urriagoekin lehiatu behar izaten zuen, gainera: «Zapatilek bospasei urtez irauten zuten; hatz bat atera arte. Orduan ez zen dirurik mugitzen probetan, kopak baino ez. Amasan oilasko bat eta antxume bat eman zizkidaten behin».
Irizar 1990eko hamarkadaren amaieran erretiratu zen, 35 urteak beteta, baina arantza nagusi bat gelditu zitzaion: ezin izan zuen Olinpiar Jokoetan parte hartu. Espainiako Federazioak ez zuen dirurik izan Seulera bidaltzeko, eta Bartzelonan pneumonia batek harrapatu zuen. Ordutik, baserriko lanei heldu die, Andoaingo landa eremuan kokatutako Garro baserrian sentitzen baita bereziki gustura. •