Emakume zientzialariak, baziren eta badira
Donostia Sustapenak antolatuta, Berrikuntzaren Astearen hamaikagarren edizioa egin dute urriaren 25etik 31ra. Egitasmo honen helburua Donostian zientziaren eta berrikuntzaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea da, eta herritarrekin ezagutzak elkarbanatzeko hainbat espazio sortzen dituzte. Hain zuzen ere, urriaren 30ean, Emakumeak Zientzian ekimenarekin elkarlanean, Emakume zientzialariak atzo eta gaur ekitaldia egin zuten udaletxeko udal batzar aretoan. Hain zuzen ere, Donostia Sustapenak pare bat urte daramatza programan Emakumeak Zientzianekin elkarlanean horrelako ekimenak antolatzen.
Ekitaldiaren hasieran, Ane Oiarbide Berdintasunako, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak ekitaldi horren garrantziaz hausnartu zuen: «Gaur ezagutuko ditugu zientzia arloan erreferenteak izan ziren lehenengo emakumeak, eta gaur egungo zientzialari emakume erreferenteak. Etorkizunera begira, emakume zientzialari gehiago egotea gustatuko litzaiguke, zientziak behar dituelako emakume gehiago, eta orokorrean, gizarteko esparru guztiek ere bai».
EAEn lan egiten duten hiru zientzialari eta bakoitzaren lana ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek, oso modu dinamikoan
Montse Galceran eta Vicenta Arnal
Hitza hartu zuen lehen zientzialaria Montse Galceran izan zen. Kataluniarra da, baina, egun, mugikorretako bateriak optimizatzeko laborategi lana egiten du CIC Energigunen. Galceran doktoreak kimika ikasi zuen Rovira i Virgili Unibertsitatean (Tarragona, Herrialde Katalanak) eta egonaldi bat ere egin zuen Universität Eberhard Karls unibertsitatean (Alemania), Erasmus mugikortasun beka batek finantzatuta, Materialen Zientzia eta Ingeniaritzako master batean graduatu aurretik. Aplikazio optikoetarako nanomaterial aurreratuetan eta materialaren propietate eta dimentsioen arteko erlazioan egin zituen doktoregoko ikasketen ondorioz, Doktoregoko Aparteko Saria lortu zuen.
CIC Energigunera doktoretza osteko ikertzaile gisa batu zen 2013an, eta 2016az geroztik, sodio ioizko baterien ikerketa lerroaren arduraduna da. Kostu txikiko material berrien eta material ekologikoen garapenean eta optimizazioan zentratzen da. Horrez gain, unibertsitatean hainbat eskola ematen ditu.
Bere aurkezpena egin ostean, Galceranek Vicenta Arnal (Zaragoza, 1902 – Madril, 1960) aurkeztu zuen. Arnal kimikaria, ikertzailea eta Espainiako Zientzia Kimikoetako lehen emakume doktorea izan zen.
Usue Mori eta Ada Lovelace
Ekitaldian aurkezpena egin zuen bigarren zientzialaria Usue Mori izan zen. Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika irakaslea da, eta Intelligent Systems enpresako ikertzailea. Adimen Artifizialeko algoritmoen sorkuntzan egiten du lan. «Gaur egun, Adimen Artifizialean lan egiten dugunok ez dugu oso fama ona, baina adimen artifiziala ere erabili daiteke gauza on asko egiteko. Nik nire karrera norabide horretan bideratu nahi dut, eta Adimen Artifiziala gizartearen onurarako erabili», nabarmendu zuen Morik.
Matematikan lizentziatua eta ingeniaritza informatikoan doktorea da, EHUn. Matematika Aplikatua, Estatistika eta Konputazioa masterra eta Ingeniaritza Konputazionala eta Sistema Adimendunak masterra egin zituen unibertsitate berean, eta gaur egun, irakaslea da EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Sailean, eta matematikaren arloko hainbat irakasgai ematen ditu.
Bere ama ere matematikaria da, eta txikitan, etxeko liburu batean ikusi zuen zientzialari bat aurkeztu zuen aurkezpenean: Ada Lovelace (Londres, Britainia Handia, 1815-1852). Historiako lehen programatzailea izan zen, programazio lengoaia kontzeptu orokorra erabili zuen lehen emakumea eta pertsona izan zelako eta makina bat kontrolatzeko lehen algoritmoa sortu zuelako.
Ekitaldian izan ziren zientzialariek beraien erreferenteak ere aurkeztu zituzten, bai garai batekoak eta baita gaur egungoak ere
Sofia Ferreira eta Petra Rudolf
Ekitaldian ezagutu ahal izan zuten hirugarren eta azken zientzialaria Sofia Ferreira fisikari portugaldarra izan zen. Gaur egun, doktoretza ondoko ikertzailea da CIC Nanogunen. Materia kondentsatu esperimentalean eta nanoteknologian egiten du lan, eta bere egungo ikerketa Van der Waalsen material magnetikoetan oinarritzen da, espintronikoen aplikazioetarako isolatzaile topologikoetan lan egin ondoren.
Fisikan masterra eta doktoretza egin zituen Oporton (Portugal), eta 2022an iritsi zen Donostiara, CIC Nanogunen doktoretza ondoko ikertzaile izateko. Hain zuzen ere, Petra Rudolf European Physical Societyko presidenteak animatu zuen gaur egun dagoen tokian egotera, eta Rudolf bera aurkeztu zuen Ferreirak ekitaldian.
Petra Rudolf (Alemania, 1957) fisikaria da. 2003tik, Rudolf Material Zientzien Zentroko irakaslea izan da (gaur egun, Zernike Institute for Advanced Materials), Groningeneko Unibertsitatean (Herbehereak). Rudolf erakunde profesionaletako karguetarako aukeratu izan dute. Belgikako Fisika Elkarteko eta Europako Fisika Elkarteko presidentea izan zen, eta gaur egun, EPSko Aukera Berdintasunerako Batzordeko presidentea da.
Sei zientzialari ezagutu zituzten ekitaldian, baina aurrerantzean, gehiago izatea da asmoa; esan bezala, zientziak ere emakumeak behar dituelako.
Donostia sustapenak babestutako edukia