«Etengabe jolastu naiz: ukitu makabroak, umore beltza, eta abar»
'Zoriona, edo antzeko zerbait' argitaratu berri du Karmele Mitxelena Etxebeste idazleak (Oiartzun, 1988). Doluaz, heriotzaz eta buru osasunaz hitz egiten du lanak, besteak beste, eta Aiora Jakarekin batera, gai horiek guztiak izango ditu hizpide, hilaren 13an.
Alargun gelditu den emakume baten eta bizi duenaren inguruan hitz egiten du eleberriak. Zer kontatu nahi duzu liburuarekin?
Bidaia bat kontatu nahi dut, Mariaren bidaia, alargundu den emakume batena. Eta, nolabait, kontatu nahi dut ez dela edozein modutan alargundu; alarguntzeko hainbat modu daude, eta, kasu honetan, bikotekideak bere buruaz beste egin du, ondoan dagoenarentzako horrek suposatzen duen guztiarekin. Sentimendu gorabehera handia bizi du Mariak: damua, errua, haserrea…
Horrekin lotuta, Mariak bidaia bat egiten du, fisikoa eta psikologikoa, aldi berean. Oporretara doa, maleta batekin, baina maleta horretan aipaturiko sentimendu guztiak daramatza. Bere barrua eraldatzen du bidaia horretan, eta zorionaren ideia zalantzan jartzen du, bakoitzarentzat zerbait desberdina baita zoriona.
Tabu diren hainbat gai landu dituzu: dolua, heriotza, eta abar.
Mariaren papera da abiapuntua, bere buruaz beste egin duen pertsona laguntzen aritu denarena. Izan ere, gero eta gehiago hitz egiten da buru osasunaz, baina ez horrenbeste buru osasuneko gaixotasun bat duen pertsonaren ondoan dagoen pertsonaz. Azken finean, bi gaixotasun dira: bat psikologikoa da, arrazoimenetik oso urruti gelditzen dena; bestea, aldiz, alboan dagoenarena da.
«Interesgarria da irakurleen galderak eta ekarpenak jasotzea, zuk ikusi ez dituzun gauzak ikusten dituztelako»
Nolako harrera izaten ari da lana?
Ingurukoek zerbait esaten dizute gustatu zaienean, ez bazaie gustatu ez dizute ezer esaten [barrez]. Eta, oraingoan, inguruko asko ari dira esaten gustatu zaiela; batzuk bigarren irakurketarekin dabiltza dagoeneko. Eleberri formatuan nola moldatzen nintzen ikusteko gogotsu zeuden asko, eta, batez ere, ikusteko ea gai nintzen eleberri formatuan nire idazketa estiloari eusteko.
Zu nola sentitu zara zure idazketa estiloa eleberrira eramaten?
Oso eroso. Ni oso ipuin zalea naiz, asko gustatzen zait ipuinek kontaketa guztian zehar duten intentsitatea. Eleberrian ere horixe nahi nuen, atal guztiek intentsitatea edukitzea, bereziak izatea.
Zentzu horretan, etengabe jolastu naiz: ukitu makabroak sartu ditut, umore beltza, eta abar. Zeren, gai hauei buruz hitz egiten duzunean, beti ez zaude berdin: batzuetan tristuratik hitz egiten duzu, beste batzuetan umoretik…
Lehenengo aldiz hartuko duzu parte Literaktum jaialdian, eta Aiora Jakarekin edukiko duzu elkarrizketa.
Liburuaren mamiaz arituko gara Aiora eta biok, elkarrizketa formatuan, eta liburuak ukitzen dituen gaiez harago joaten saiatuko gara.
Bestalde, ikusleek edukiko dute galderak egiteko eta parte hartzeko aukera. Oso ariketa interesgarria da irakurleen galderak eta ekarpenak jasotzea, zuk idazterakoan ikusi ez dituzun gauzak ikusten dituztelako sarritan, edo beste modu batean ikusten dituelako.
Beste ekitaldiren batera joango zara ikusle gisa?
Saiatuko naiz, baina kontziliazio kontuengatik ez da erraza izango! Baina bueno, edozein ekitaldik balio dit; uste dut kalitate handiko jaialdia dela eta edozer izango dela interesgarria.
Literaktumek babestutako edukia
Hemen da, aurten ere, Literaktum letren jaialdia: hilaren 11tik 24ra, hainbat jarduera antolatu dituzte hiriko zenbait txokotan, urteroko legez, literatura haur, gazte zein helduetara hurbiltzeko helburuarekin. Letrak zeruertzean izango da aurtengo izenburua, eta «literaturaren eta gatazka sozial, politiko eta gerren eta horien ondorioen harremanak» aztertuko dituzte Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak aurkezpen prentsaurrekoan azaldu duenez. «Literatura babesleku gisa ulertzen dugu», nabarmendu du. Donostia Kultura udal erakundeak antolatzen du jaialdia, beste hainbat erakunde, enpresa eta elkarteren laguntzarekin.
Jaialdiaren aurtengo gai nagusiaren harira, idazle hauek etorriko dira: David Ucles, Eduardo Halfon, Monika Zgustova, Fermina Cañaveras, Juan Manuel Zaragoza, Javier Zamora, Sergio del Molino, Antonio Monegal eta Adania Shibli. Bestalde, beste gai batzuen inguruko liburuak argitaratu dituzten autoreek ere lekua izango dute Literaktumen: Unai Elorriaga, Sabina Urraca, Karmele Mitxelena, Maximo Huerta, Beñat Sarasola, Dolores Redondo, Fatma Aydemirre eta Carmen Mola ere jaialdian izango dira.
Guztira, beraz, hemezortzi elkarrizketa literario antolatu dituzte, hiriko hainbat kultur etxe, areto eta liburu dendatan; egitarau osoa eta ekitaldi bakoitzaren inguruko informazio zehatza jaialdiaren webgunean kontsultatu dezakezue.
Elkarrizketez gain, bestelako jarduera asko antolatu dituzte aurten ere: Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sariak, Literaktum Txikia, jaialdiaren hasierako eta amaierako kontzertuak, bost erakusketa, irakurketa dramatizatuak, antzerkiak eta ipuin kontaketak. Bestalde, Franz Kafkaren heriotzaren mendeurrena eta Luis Martin-Santosen jaiotzarena izango dituzte hizpide.