Minutu bateko isilunea egingo dute Behobia-Donostia hasi aurretik
59. Behobia-Donostia lasterketa egingo dute igandean, eta gaur aurkeztu dute ekitaldia Donostiako udaletxean. Bertan izan dira Eneko Goia alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ibone Bengoetxea lehendakariordea, eta Enrique Cifuentes Fortuna kirol elkarteko presidentea, besteak beste.
Aste honetan Pio Baroja kiroldegian eman dituzte lasterketaren inguruko xehetasunak, eta gaur, batez ere, ekitaldiaren garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, historian zehar ibilbide luzea duen lasterketa da Behobia-Donostia. Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Estatuan eta beste hainbat herrialdetan ezaguna da lasterketa, eta jende asko erakartzen du Donostiara. Kontuan hartu behar da 27.722 parte hartzaile izango dituela aurten, eta gehiengoa gipuzkoarra den arren, kataluniarrak eta madrildarrak daude bigarren eta hirugarren postuetan jatorriari dagokionez.
Gaurko aurkezpenean nabarmendu duten beste pauso bat emakumeen presentzia da. Aurten, 8.716 emakumek hartuko dute parte lasterketan (%31,44), eta inoizko emakume kopururik altuena da. 2018an, Fortuna kirol elkarte antolatzaileak Behobia-Donostiarako 50/50/25 erronka jarri zuen martxan. Fortuna kirol elkarteko lagunen helburua da emakumeen partaidetza %50 izatera iristea 2025 urterako. Bengoetxeak aurkezpenean adierazi duenez, “oraindik urrun gaude” kopuru horietatik, baina helburuak jartzea beharrezkoa da “bestela, ezinezkoa delako horrelako kopuruetara iristea”.
Aldi berean, Cifuentesek esan du aurten lehen aldiz, izen emate gehien duen adin tartea 26-30 dela, 31-35 tarteak jarraituta. Azken urteotan, 41-45 tartea izan da izen emate gehien izan duena. “Hori emakume gazteen izen emateari esker izan da hein batean”, aitortu du Cifuentesek.
Ibilbideak 20 kilometro eta 196 metroko distantzia du, Irundik (nazioarteko zubiaren ondoan) hasi eta Donostiaraino. Irteerako alfonbratik pasatu ondoren, helmugara iristeko gehienezko denbora 2:35 ordu izango da.
Behobia-Donostia lasterketa 09:30ean hasiko da. Lehenengo, aulkiak eta esku bizikletak irtengo dira, patinatzaileak 09:35ean eta, azkenik, korrikalariak, 09:55etik aurrera.
Minutu bateko isilunea
Valentziako hondamendiak kaltetutako herritarrei solidaritatea helarazi diote Behobia-Donostiaren antolatzaileek. Horrela, igandean, lasterketa hasi aurretik, minutu bateko isilunea egingo dute parte hartzaileek, Valentziari elkartasuna adierazteko.