59. Behobia-Donostia lasterketa jendetsua, iruditan
Giro bikaina izan da gaur goizean Donostian, 59. Behobia-Donostia lasterketan. Gaurko eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, eguzkia atera da, eta horrekin batera jende andana animatu da lasterketa ikustera eta parte hartzaileak animatzera.
27.722 parte hartzaile izan ditu edizio honek, eta horietatik 8.716 emakumeak izan dira. Lasterketa 09:30ean hasi da Irunen, lehenengo, aulkiak eta esku bizikletak irten dira, patinatzaileak 09:35ean eta, azkenik, korrikalariak, 09:55etik aurrera. Abiatu baino lehen, ordea, Valentziari elkartasuna adierazteko minutu bateko isilunea egin dute irteera puntuan.
Parte hartzaile gehienak kataluniarrak izan dira gaurkoan (6.012), bigarren lekuan gipuzkoarrak daude (5.957) eta hirugarrenean, berriz, Madrilgoak (3.562). Horrez gain, nabarmentzekoa da Valentziatik ere jende ugari etorri dela, eta askok beraien bandera soinean zutela, bertan gertatzen ari den hondamendia gogoan. Gainerakoan, giro bikaina izan da, parte hartzaileak eta animatzera joan den jendea pozik ikusi zitezkeen, nahiz eta batzuek helmugara iristeko irrikan egon.
Chakib Lachgar eta Mireia Guarner izan dira helmugara iristen lehenengoak, baina gainerakoen ahalegina ere kontuan hartzekoa da, Behobia-Donostia lasterketa ez baita berehalakoan egiten.
Ona hemen gaurko irudi bildumak:
Lasterketa Mirakruz gainean
Lasterketa Grosen
Lasterketa Bulebarrean