'Besarkada' eskultura zaharberritu eta lekualdatuko dute
Iñigo Aristegi artista donostiarraren Besarkada eskultura kendu egingo dute bihar (hilak 12), zaharberritu eta, ondoren, lekualdatzeko. 08:30ean hasiko dira desmuntatze lanak, eta eguerdira arte iraungo dute; lanetarako erabiliko duten kamioiak Argentinako Errepublika kaleko errei bat okupatuko du.
Ramon Labaien plazan dago eskultura, ibaiaren eta Santa Katalina lorategien ondoan, eta 2020ko Gabonetako argiztapenaren testuinguruan jarri zuten. Pandemiaren biktimentzako eta koronabirusaren aurka lehen lerroan aritu ziren ziren osasun arloko eta oinarrizko zerbitzuetako langileentzako omenaldi gisa sortu eta jarri zuten jendaurrean.
Burdinazkoa da, 800 kilokoa eta zazpi metroko garaierakoa, eta elkar besarkatzen duten gizon bat eta emakume bat irudikatzen ditu, zenbait led argi zerrendaz inguratuta, oinezkoaren ikuspegiarekin jolasean.
Udalak azaldu duenez, urteotan, “instalazioak kalteak jasan ditu eguraldi txarraren, itsasoaren kresalarekiko esposizioaren eta jarrera bandalikoek eragindako kalteen ondorioz”. Horrela, kentzea erabaki dute, zaharberritu ahal izateko eta, ondoren, “oraindik zehazteke dagoen eta artistarekin baloratzen ari den leku berri batean birkokatzeko”.