Esaten dena eta ez dena
Itxaso Martin Zapirain donostiarrak 'Puntobobo' (Erein) bigarren eleberria aurkeztu du. Hiru ardatz nagusi dituela aurreratu du: Emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak.
Itxaso Martin Zapirain (Gros, 1981) idazle, antropologo eta kazetariaren bigarren eleberria da Puntobobo, une pertsonal berezi batean idatzitakoa. “Goxoa bezain gordina” dela aitortu du Martinek. Gaur goizean aurkeztu du liburua Plaza Berriko udal liburutegian.
Hamabi urte luze pasatu dira Ni, Vera estreinako nobela argitaratu zuenetik, baina denbora zeraman lantzen bigarrena. “Urtetan saiatu ondoren, iaz, barruan nuen hori idazteko aukera izan nuen; hasi eta buka. Gaixo eta mugitu ezinda egon nintzen momentu batean idatzitako eleberria da. Idatzi eta irakurri, hori izan zelako hainbat hilabetez egin ahal izan nuen gauza bakarra”, azaldu du Martinek.
Hitzak neurtu behar izan ditu Puntobobo liburuaren aurkezpenean. “Zer esan eta zer ez esan jakiteko prestatu behar izan dut, eleberriak kontatzen duena ez aurreratzeko. Esan behar ez dudan hori izan zen liburu honen abiapuntua”, deitoratu du Martinek. Horrela ere, kontatu du nahi izan duena. Esaterako, lau emakume direla protagonistak: ama, Ixi, Malen eta Joane. Lauen arteko harremana da oinarria, bakoitzaren izaera propioarekin.
Hasieran aipaturiko ardatzekin “obsesionatuta” dagoela aitortu du Martinek: “Antropologiatik landu ditut emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak. Esaterako, Malen eta Joane ama-alaben elkarrizketak agerian uzten du ardatzetako bat. Gauza asko aipatzen ditu eta leporatzen diote elkarri, baina badira esaten ez direnak, eta horiek dira garrantzitsuagoak. Egia esan, esaten ez den horrek obsesionatzen nau”.
Hamaika kapitulu, bi denbora lerro
Eleberriaren egituraren xehetasunak eman ditu Martinek, lau emakumeen istorioa horrela kontatu nahi izan duelako. “Bi denbora lerrotan dago banatuta. Sei kapitulu orainaldikoak dira eta zenbaki erromatarrekin daude izendatuta. Ama-alaben arteko elkarrizketa bat islatzen du, ordubetean gertatzen dena. Elkarrizketa hau narratzailerik gabekoa da, ama-alabek dutelako protagonismo osoa”, azaldu du Martinek.
Beste bostak, berriz, iraganekoak dira, eta bakoitzak bere izenburua dauka: Haurtzaroa, Ahizpak, Amaren Heriotza, Maitalea eta Dolua. “Bizitza oso bat kontatzen dute, eta narratzaile batek eramango gaitu istorioaren barrena. Esaten denak baino, gertatzen denak du indarra”, adierazi du Martinek.
Puntu mota bat
Izenburua aukeratzeko arrazoiak ere eman ditu idazle donostiarrak: “Puntobobo puntu mota bat da, puntua egiten hasterakoan ikasi ohi den lehena eta haurrentzat egiten diren artilezko jantzietan erabiliena”. Eleberriko protagonista gehienek puntua egiten dute, eta hori dute “bizibide eta salbazio”. Baina ez hori bakarrik, protagonistetako baten ezaugarri esanguratsu baten berri ematen duen hitz bat da izenburua bera.