LQNTCDD taldeak bertan behera utzi ditu KASen aurrean egin asmo zituen elkarretaratzeak
Gaur elkarretaratzea egin nahi zuten Amara Berriko afari solidarioen aurrean, deialdi antifaxista batek aurre egitekoak zirela eta bertan behera utzi eta larunbatean mobilizatuko dira.
Lo que no te cuentan de Donosti taldeak bertan behera utzi du gaur Amara Berriko afari solidarioen aurrean egin asmo zuen elkarretaratzea. Instagramen zabaldu duten mezuaren arabera, taldearekin “zerikusirik ez duten arrazoiengatik eta herritarrek eskatuta”, aldatu dituzte datak.
Izan ere, hainbat eragile antifaxistek kontramanifestazioa antolatuta zuten gaurko, “talde erreakzionarioari aurre egiteko”. Joan den astean ere mobilizazioa bera egin zuten Easo plazan. Kasu horretan ere, LQNTCDD-k bertan behera utzi zuen elkarretaratzea, eta elkarretaratze antifaxista izan zen egin zen bakarra.
Gauzak horrela, larunbatean, hilak 16, 18:00etan egingo du LQNTCDD taldeak mobilizazioa Easo plazan, Hiri seguruago bat lortzearren lelopean. Talde antifaxistek hedabide honi igorri diotenaren arabera, kontramanifestazioa egingo dute, ordu eta leku berean, ondorengo leloarekin: Aniztasuna, elkartasuna eta segurtasuna bai. Arrazakeria, klasismoa, faxismoa ez.