Mendebaldeko bizilagunek HAPOa osatzeko ekarpenak egin dituzte
Etxebizitza, mugikortasuna eta azpiegiturak garatzeko politikak eskatu dituzte Antigua, Añorga, Aiete eta Ibaetako bizilagunek. Etxebizitza soziala, mugikortasuna eta azpiegitura hobeak garatzeko politikak eskatu dituzte Antigua, Añorga, Aiete eta Ibaetako bizilagunek. Ez dira HAPOaren parte hartzeaz fio, baina dozenaka lagunek hartu dute parte prozesuan.
HAPOaren parte hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. Lehen fasean aurrerakinaren azalpenak helarazteko bilerak egin ostean, ekarpenak jasotzeari ekin diote auzoetan egin dituzten bigarren bileretan. Aurretik gainerako eremuetan egin moduan, iragan asteartean, Antigua Luberrin bildu ziren parte hartze prozesuko antolatzaileak Antigua, Ibaeta, Aiete eta Añorga auzoetako bizilagunekin. Hiritarren hausnarketak eta proposamenak jaso zituzten: askotariko behar eta nahi zehatzak azaleratu arren, etxebizitzaren afera nagusitu zen bilkuran.
Erabateko mesfidantza adierazi zuten bizilagunek HAPOaren aurrerakinaren parte hartze prozesuan: “Eszeptizismo handi batekin gaude. Uste dugu egiten ari den honek ez diola erantzuten herritarrek parte hartzeari”, adierazi zuen Aieteko Lantxabe elkarteko Felix Perez presidenteak. Bertan zirenen txalo zaparrada artean, gaineratu zuen lau auzo bilera bakar batean elkartzeak “ez duela inolako zentzurik”, eta ez diola erantzuten planak beharrezko duen prozesuari: “Auzoak nahasteko ideia hori aurrezteagatik egiten dute. Eta ez dutelako uste plana aberasteko baliagarriak garenik”.
Publikoki ekarpenak handiak izan ez baziren ere, instituturaino bertaratutako guztiek hartu zuten parte prozesuan. Gaika banatutako mahaitan banatuta, ondorengo erronkak jorratu zituzten: Antigua-Añorga ardatzeko ekipamenduen beharrak eta kokalekuak; Infernua-Zubiberri eta Añorga Txiki arteko garapen berria eta mugikortasuna; Aieteren inguruko egoera eta auzoetako jarduera ekonomikoen inguruko hausnarketak. Bosgarren mahai bat osatu zen arren, aurrez adostutako gaia alde batera utzi, eta Arriolako eskera eta behar zehatzen inguruan eztabaidatu zuten.
Etxebizitzaren afera
Bizilagunek askotariko ekarpenak egin zituzten arren, gehienak etxebizitzen zenbatekoa, eta batik bat, etxebizitza soziala handitzera zeuden bideratuta. Gazteen emantzipazioarekin arazo larri bat dagoela jakitun, Igarako industria gunea bizitegi auzo bilakatzea proposatu zuen hainbatek (Correosen egoitzatik, El Diario Vasco zegoen tokiraino). Enpresak Eskusaitzetara (Zubieta) lekualdatu, eta eskuragarri dagoen eremu batean, saltokiak eta bizitza urbanoa bultzatzea.
Beste batzuek, berriz, Añorgako lotunearen konexioa sinpleago batean jarri zuten fokua, etxebizitzen kopuruak handitu ahal izateko. Loiolako korapiloarekin eta Loiolako Erribera auzoaren eraldaketarekin egin zen moduan, Añorgako lotuneak ere, sinpleago balitz, Añorga Txikiren beste aldean etxebizitzak egiteko aukera egongo litzatekeela adierazi zuen hainbat bizilagunek. Hala, Tolosa hiribidea Infernura eta Añorga Txikira luzatzea proposatu zuten.
Añorgako eta Ibaetako eremuak urbanizatzeko proposamenak egon arren, Aieteko Errondogaina II proiektuan aurreikusten diren etxebizitzek eragin zuten haserrea. 101 etxebizitza libre egingo dituztela iragarri zuen udalak duela pare bat aste, eta etxebizitza larrialdiaren aurrean, halako proiektua bideratzea ulertezina da bizilagun askorentzat: “Eredua aldatu behar da, baina hau inora ez doan azoka bat da”, adierazi zuen Errekaldeko bizilagun batek.
Eta Aieten zer?
Errondogainako etxebizitzez gain, Aieten aurreikusita ez dauden proiektuek sortu zuten ezinegona. Lantxabe auzo elkarteko Felix Perez presidentearen esanean, urteak daramatzate proposamenak egiten, baina horietako asko ez dira jasotzen, eta jasotzen badira ere, ez dira bideratzen. Aietekoak “etxeko lanak eginda” bertaratu ziren bilerara, eta mugikortasun, etxebizitza, azpiegitura eta eremu naturalen arloetan proposamen ugari egin zituzten: La Cumbreko lorategiak publiko jartzea, Oriamendi mendiaren eta Miramongo parkearekin gerriko berdea osatzea, auzoko parkeetan estalkiak jartzea, eta Aieteko hiribidearen urbanizazioa egin dezatela eskatu zuten, beste askoren artean.
Mugikortasunari dagokionez, bestalde, auzoaren eta hiriaren arteko loturak hobetu eta mugikortasun bertikala bultzatzeko proposamenak jaso zituzten. Besteak beste, Errondogaina eta Anoeta lotuko dituen funikularraren proposamena aintzat hartu zezatela eskatu zuten, baita Bera Bera eta Aieteko ekipamenduen arteko mugikortasuna hobetzea ere.
Arriolako mugikortasuna
Arriolako bizilagunek eskatu dute HAPOak mugikortasun arazoak konpontzeko jarduketak jaso ditzala. Azaldu dutenez, espaloiek arazo larriak dituzte: apurtuta daude, malda arriskutsuak dituzte, argiztapen gutxi eta belar txarrak. Hori dela eta, irisgarritasuna hobetzeko igogailua edo eskailera mekanikoak jartzea eskatu dute, batez ere adinekoentzat eta haurrak dituzten familientzat onuragarria izango baita.
Horrez gain, Arriolako autobus zerbitzua hobetu dezatela eskatu dute: “Gaur egun autobus bakarra dago, orduero, eta ez da nahikoa”. Maiztasuna handitzeaz gain, egungo autobusaren ordez mikrobus bat erabiltzea eskatu dute, eremu maldatsu eta estua dela eta.