Pinotxoz, Rapunzelez eta Balooz mozorrotu dituzte hainbat beira edukiontzi
Donostiako Udalak, Ecovidrio erakundearekin elkarlanean —beira hondakinen kudeaketan diharduen erakunde bat da Ecovidrio—, Disneyko hiru pertsonaia ezagunez jantzi ditu hiriko zenbait beira edukiontzi: Rapunzelez, Balooz eta Pinotxoz. “Ingurumena zaintzearen eta beira birziklatzearen inguruan familiak kontzientziatzea” da egitasmoaren helburua, udalak azaldu duenez.
Edukiontziek QR kode bat dute, eta, hori eskaneatuz gero, Disneyland Parisera joateko bidaia baten zozketan parte hartuko dute herritarrek; edukiontzi apainduen erreplika txikiak ere irabazi daitezke zozketa horretan. Donostian ez ezik, guztira, estatuko 35 hiritan eta Portugalgo bi hiritan ari dira egitasmoa garatzen.
Donostian, hiru edukiontzi jarri dituzte guztira: bat Erdialdeko Zubieta kalean, beste bat Groseko Zurriola pasealekuko 22. zenbakian eta beste bat Altzako Harrobietan plazako 14. zenbakian.