'Aitzakiarik ez' izango da udalaren leloa A25erako
Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalak astearte goizean. Usandizaga Institutuko Publizitate Grafikako Goi Mailako Heziketa Zikloko bigarren mailako ikasleek egin dute kanpainaren diseinua, eta Aitzakiarik ez izango da leloa. Kanpainako irudia eta ideia, bestalde, Ana Boyrenak dira.
Ikasleekin batera, Iñigo Garcia Gazteria zinegotzia egon da prentsaurrekoan, eta nabarmendu du “mezu garbia duen esaldi bat” dela leloa, “azpimarratzekoa dena: jarrera matxista bat bera ere ezin da justifikatu. Ezin da indarkeria onartu, naturalizatu edo erlatibizatu”. “Indarkeria matxistak aldaera asko ditu, gure bizitzako eremu askotan gertatzen da, eta egiteko moduak askotarikoak dira. Horregatik, azaroaren 25eko hau baliatu behar dugu modu horiek guztiak ikusarazteko eta guztion artean borrokatzeko. Hala ere, emakumeenganako diskriminazioarekin eta indarkeria gaitz honekin amaitzeko borroka urteko 365 egunetan egin behar da”, gaineratu du.
Ildo beretik, “matxismoa betikotzen duten justifikaziorik gabeko sistema bat berrabiarazi eta libre bizi ahal izateko, has gaitezen barkaezina denari aitzakiarik ez jartzen”, nabarmendu dute ikasleek. “Kanpaina honek agerian uzten du sare sozialetan, kalean, kirolean, familian, lanean, komunikabideetan eta politikan oraindik ere matxismoari garrantzia kendu nahi dioten esaldiak eta jarrerak daudela. Aitzakia horiek arazoa minimizatzeaz gain, normalizatu eta iraunarazi ere egiten dute, eguneroko jarreretatik indarkeria esplizituko ekintzetaraino”, gehitu dute.