Udalak 2025ean taxien tarifak igotzea baztertu du
Udal gobernuak Donostiako taxi zerbitzuko tarifak igotzea baztertu du astearte honetan. Donostialdea Sociedad de Servicios SL enpresak egin du eskaera, 2025. urtean Donostiako taxi zerbitzuak %10eko igoera izan dadin. Eneko Goia alkatearen arabera, baina, Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuaren sorkuntzan murgilduta dago udala eta igoera hori ez dator bat Donostialdeko udalerrien tarifen homogeneizazioarekin.
Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuan bateratuko dira Donostia, Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Andoain, Lasarte Oria eta Urnieta udalerrietako taxi zerbitzuak. Sistema berri horren izapidetze prozesuan murgilduta daudela iritsi zaie tarifa igoeraren eskaera udal ordezkariei, eta hala, eskaera baztertzea erabaki dute: “Bere garaian tarifak berdindu genituenez, elkarteak egiten duen eskaerari baiezkoa emanez gero, berriz ere desorekatu egingo genituzke zona berezian dauden tarifa guztiak”.
Hain zuzen, Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremu (EBE) horrek arau komunak ezartzen dituen hitzarmen bat ere du jasota, tarifa eta guzti. Gauzak horrela, tarifetan egiten den edozein aldaketa Jarraipen Batzordearen bidez adostu behar da, gainerako udalerrien onespenarekin.
Alkateak iragarri duenez, halaber, udalak Gipuzkoako Aldundira bidali dio eskatutako dokumentazio guztia, EBEari oniritzia eman diezaion:”Eskaera osagarriak eskatu zizkiguten, eta esan beharra dago, urriaren 31ean bertan eskatutako guztia erantzun genuela. Orain erabakiaren zain gaude “.