Gaikako bilerak egiten hasiko dira HAPO berriaren parte hartze prozesuan
Hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspenean murgilduta dago Donostiako Udala, eta parte hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. HAPOaren aurrerakin dokumentuak auzo bakoitzerako planteatzen duena aztertzeko, proposamenak jasotzeko eta kexak entzuteko herritarrekin bilera irekiak egiten aritu ostean, gaikako bilerak egiten hasiko dira orain. Guztira, zortzi saio izango dira, hiriko leku desberdinetan eta bakoitza bi ordukoa.
Ostegunean egingo dute lehenengoa (hilak 14), jarduera ekonomikoei buruzkoa, 18:00etan, Bidebietako Kontadores zentroan. Hurrengo bilerak hauek izango dira, denak 18:00etan: hilaren 18an, ekipamenduei buruzkoa, udaletxeko udal batzar aretoan; 21ean, mugikortasunari buruzkoa, Intxaurrondo Kultur Etxean; 26an, etxebizitzari buruzkoa, Zuhaizti ikastetxean; 28an, ingurune naturalei eta espazio libreari buruzkoa, Martuteneko kultur etxean eta, abenduaren 9an, ondareari buruzkoa, udal batzar aretoan.
Amaitzeko, abenduaren 10ean, gazteentzako saio berezia egingo dute eta 65 urtetik gorakoentzako saio berezia 12an; biak Kontadoresen izango dira, 18:30ean. Bileretan ez ezik, Internet bidez ere egin daitezke ekarpenak.