Karraskarien eta tigre eltxoaren kontrola indartuko du udalak
%30 handitu da arratoi eta saguen kopurua Donostiako kaleetan.
Donostian, kaleko karraskarien kopurua handitu dela ikusita, udal gobernuak kontrol eta zaintza bektorialeko zerbitzu kontratuak indartuko ditu. Hala iragarri du gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarraren ostean egindako prentsa agerraldian. Horretarako, datorren urteko azarora bitarte aurreikusita zegoen aurrekontua 98.978 eurotik 118.773ra handituko dutela adierazi du Eneko Goia alkateak.
2024. urtean, gainazalean ikusten diren karraskarien kopurua %30 handitu da, udalaren arabera. Kopuruaren igoera hori bistakoagoa izan da ekialdeko Altza eta Intxaurrondo auzoetan, baina baita Aiete eta Amara auzoetan ere. Egoera horren aurrean, esku hartzeak handitu behar izango dituzte. Orain arte, karraskariak kontrolatzeko kanpainak estolderian zentratu dira, baina hemendik aurrera, “ezinbestekotzat” jo dute udalean kontrol estrategia hori gainazalean ere bideratzea.
Tigre eltxoa
Kontrol entomologikoaren esparruan, bestalde, tigre eltxo (Aedes albopictus) hiri osoan hedatu dela antzeman da azken urtean, eta, beraz, bektore horren kontrol lanak indartzea dute lehentasun gisa Donostiako Udalean.