Oiartzunen jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalerdia
Sei bertsolarik kantatuko dute, eta tartean dira Beñat Gaztelumendi eta Asier Azpiroz donostiarrak.
Igandean, hilaren 17an, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken aurreko fasea hasiko da; finalerdiena. Lehena Oiartzungo Elorsoro udal kiroldegian izango da, eta irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera.
Sei bertsolari ariko dira kantuan, tartean, Beñat Gaztelumendi —Errenteriako final-laurdenetako irabazlea— eta Asier Azpiroz donostiarrak. Gainerako lauak dira Ane Labaka, Eli Pagola, Nerea Elustondo eta Oier Etxeberria. Aldiz, gai jartzaile lanetan Ane Ezenarro ariko da.
Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, eta egunean bertan Elorsoroko txarteldegian; aurretik bukatzen ez badira. Kiroldegiko ateak, finalaurrekoa izaki, 16:00etan irekiko dira.