Sorleku parkea Marrutxipin eraikitzea baino ez da falta
Ehunka gurasok eta haurrek egindako protesta koloretsuaren ondoren, udal gobernuari dagokio erabakia ahalik eta azkarren hartzea.
Sortu eta garatu zen lekuan jarri nahi dute auzotarrek, gurasoek eta haurrek. Protesta koloretsu baten bidez erakutsi zuten pasa den ostegunean. Donostiako Udalbatzaren gehiengoak ere adosturiko lekua berretsi du —sozialistek izan ezik, disuasio aparkaleku bat eraikitzea hobesten dutelako—. Hortaz, noiz abiatuko dute Sorleku parkea Marrutxipi eremuan eraikitzeko lizitazioa?
Udal gobernuak dena prest dauka urrats hori egiteko. Diseinua eta planoa prest daude, eta interes orokorreko eta babes zabaleko proiektua da. Hori gutxi balitz, 400.000 euroko diru zatia aurreikusita eta zehaztuta dute parkea egiteko. 2024ko udal aurrekontuetan aurreikusi zuten, eta 2025ko udal aurrekontuetan ere txertatuko dituztela jakin ahal izan du hedabide honek.
Ordea, proiektua bideratuko duen tramitazioa martxan jartzea falta da. Udalak aukera paregabea du erakusteko azken urteotan sustaturiko partaidetza prozesuek balio dutela. Batzuek herritarren nahia errespetatu dute, eta beste batzuek ez. Ikusteko dago Sorleku parkearen proiektuaren inguruan adosturikoa betetzen dute.
Joseba Parron San Sebastian argazkilariak protesta koloretsuaren irudi bilduma osatu zuen, eta jarraian ikus dezakezue: