Anne Rearicken 'Gure Bazterrak', ostiraletik ikusgai
Anne Rearick argazkilari estatubatuarrak urte luzez Euskal Herrian egindako argazkiak ikusgai daude Okendo Kultur Etxean. 'Gure Bazterrak' argazki liburuaren aurkezpena, bestalde, ostegunean egingo dute.
Cadwellen (Idaho, AEB) 1960an jaioa, bere herrialdea utzi zuen Anne Rearick argazkilariak 1990ean, Ipar Euskal Herrian urtebete pasatzeko. Epe luzera lan egiten du Rearickek, jendearekin eta lekuekin harremanak sakonduz, denborarekin. Argazkitan hartzen dituen pertsonen eguneroko bizia du oinarri, eta, hain zuzen ere, lan horren emaitza da Okendo Kultur Etxeko erakusketa areto zaharrean ikusgai jarri dutena.
Ipar Euskal Herrian pasatu zuen urte horretan zehar, bertako herrietako egunerokoaren argazkiak egiten aritu zen. Hala ere, urtebeteko lana baino gehiago da Gure Bazterrak erakusketan ikusgai dagoena, askotan itzuli baita Euskal Herrira; hain zuzen ere, 35 urtez Euskal Herriko hainbat txokotan egindako argazkiez disfrutatu daiteke bertan, urtarrilaren 17ra bitarte. Irekiera ekitaldia gaur izango da, 19:00etan, eta Rearicken lanaz gain, Donostia Musika eta Dantza Eskolaren zuzeneko emanaldia ere ikusi ahalko da. Miarritzeko Mediatekak, Vu Agentziak, Literaktum jaialdiak eta Donostia Kulturak antolatu dute erakusketa.
Argazki liburua
Anne Rearickek sari eta beka andana bat irabazi du bere ibilbide luze eta oparoan zehar. Besteak beste, Guggenheim beka, boxeo amateurraz egin lanagatik. Bostonen argazkilaritza irakasten pasatu ditu azken 25 urteak, eta argazki liburuak ere editatu ditu; azkena, Gure Bazterrak izenekoa, aurten atera du, eta ostegunean aurkeztuko dute Okendo Kultur Etxean, 18:30ean.