Goia, LQNTCDD-ri buruz: «Halako deialdiak lekuz kanpo daudela iruditzen zait»
LQNTCDD-k deialdi pare bat utzi ditu bertan behera azken egunotan, baina elkarretaratze berriak iragarri ditu aurrera begira. Mobilizazioekin jarraitzeko asmo irmoa dutela ikusita, kazetariek Eneko Goia alkateari bere iritziaren inguruan galdetu zioten, astearteko Tokiko Gobernu Batzarraren osteko prentsa agerraldian. Goiaren arabera, taldearen diskurtsoak “krispazioa” baino ez du sortzen: “Horrelako deialdiek eta, batez ere, horrelako deialdien oinarrian dauden sare sozialek ez dute inolako ekarpen positiborik egiten, eta lekuz kanpo daudela iruditzen zait”.
Lo que no te cuentan de Donosti taldeak bertan behera utzi zuen astelehenean Amara Berriko afari solidarioen aurrean egin asmo zuen elkarretaratzea. Hainbat eragile antifaxistek kontramanifestazioa antolatuta zuten ere, “talde erreakzionarioari aurre egiteko”. Gauzak horrela, Instagram eta Telegram kontuetatik zabaldu dutenez, larunbatean, hilak 16, 18:00etan egingo dute mobilizazioa, Easo plazan. Kasu horretan ere, talde antifaxisten kontramanifestazioa iragarri dute, leku berean.