Haizearen Orrazia birgaitzeko lanen lizitazioa eten dute
Eraikitzaileen Enpresa Elkarteak errekurtsoa jarri du udalean, Donostiako Udal Gobernuak eskatzen duen enpresa kalifikazioa "gehiegizkoa" dela iritzita.
Udal gobernuak eten egin du , astearte honetan, Haizearen Orrazia birgaitzeko proiektuaren obren lizitazio prozedura. Eteteko erabaki hori Ascongik (Gipuzkoako Eraikitzaileen Enpresa Elkarteak) egindako eskaeraren ondotik dator. Elkartearen iritziz, udalak eskatzen duen kalifikazio altua ez da beharrezkoa, eta mota askotariko enpresak aurkeztu ahal izatea eskatu diote udalari.
Eneko Goiaren arabera, berriz, kalifikazio espezifikoa dutenen aldeko apustua egin nahi dute soilik, “ez baita edonolako leku bat”. Alkateak defendatu du gune publiko bat izateaz harago, artelan bat ere badela: “Baldintza gisa, C kategoria jarri genien enpresei. Horrek esan nahi du espezializazio maila bat behar dela horrelako lan bat egiteko, eta esperientzia bat halako artelanetan lan egiteko”.
Enpresen elkartea, baina, ez da iritzi berekoa: “Askongik pentsatzen du eskakizuna gehiegizkoa dela eta edozeini irekita egon beharko litzatekeela lehiaketa hori. Horregatik, errekurtsoa aurkeztu dute udalean”, zehaztu zuen Goiak atzo. Alkateak aurreratu zuenez, Hiri Proiektuen Departamentua arduratzen ari da baliabide horren erantzuna prestatzeaz. Hala, atzerapen gehiagotik ez eragitea espero du, honezkero denboran luzatu den obra bat baita. Alkatearen aurreikuspenen arabera, beraz, datorren astearteko Tokiko Gobernu Batzarrean errekurtso hori aurkeztu ondoren, atzo onartutako etendura kendu eta obrak kontratatzeko lizitazio prozedura aktibatuko dute.
Haizearen orraziko lanak
Haizearen Orraziaren plaza birgaitzeko proiektuak irisgarritasuna egokitzea, argiztapena hobetzea eta mendi hegalaren egonkortasun arazoak behin betiko konpontzea ahalbidetuko du. Lanek 1,5 milioi euroko aurrekontua dute, eta,aurreikuspenen arabera, lanak otsailean edo martxoan hasi eta abuztuan amaituko dira.