«Hasieran zegoen hutsuneak hutsik jarraitzen du, eta LABOk lanean segitu behar du»
Hilaren 14an hasiko da LABO XL6 jaialdia, eta igandera bitarte, hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da Donostian. LABOren sorreraz eta garapenaz hitz egin dute antolatzaileek.
Nola sortu zen LABO proiektua?
Ion Estala (I.E.): Gu, berez, NODE dantza konpainia gara. Nik 17 eta Anak 19 urte zituenean ezagutu genuen elkar, eta ordutik, beti egon izan gara bata bestearekiko nahiko gertu. Garai batean, ni Noventa Grados espazioan nenbilen lanean, komunikazio arduradun eta kultur kudeatzaile gisa. Bertan lanean nengoenean, hilabetero erakusketak eta jarduerak egiten ziren. Une batean, Ana nire bidez sartu zen Noventa Gradosen lanera, eta elkarrekin aritu ginen bertan, bera produkzioan eta ni komunikazio zuzendari gisa. Bederatzi urte eman genituen horrela.
2015ean, gutxi gorabehera, Noventa Gradoseko zikloa amaitu zen, eta Anari esan nion proiektu propio bat eraikitzeko beharra nuela. Anak %100ean sinistu zuen nire proposamenean, eta nirekin aurrera egitea erabaki zuen. Horrela, NODE sortu genuen 2016an, eta ni sorkuntza eta zuzendari gisa eta Ana ekoizpen arloan aritzen ginen. Hasiera guztietan bezala, gure lekua topatu nahian ibili ginen, eta ohartu ginen Donostian ez zegoela zirkuitu alternatiborik hasiberriak edo pieza garaikideak erakusteko. 2017an, Covent Garden espazioa zabaldu zuten, eta jarduerak egiteko erabiltzen zituzten bertako hainbat gune.
Guk gure pieza bat aurkeztu genien Covent Gardenekoei, eta utzi ziguten bertan aurkezten. Hortik aurrera, bertan aritu ginen lanean, eta hiru edo lau eguneko estreinaldia egin genuen. Jendetza etorri zen, eta Covent Gardeneko arduraduna oso pozik geratu zen. Behar horretatik abiatuta, hilero jarduerak antolatzen hasi ginen, eta 2017ko irailean, LABO inauguratu genuen, proiektu gisa. Hortik aurrera, proiektua gero eta gehiago garatzen joan zen, eta azkenean, 2019ko urrian sortu zen LABO XL jaialdia.
Industrian zegoen hutsune bat betetzera etorri zen LABO, beraz. Horri esker, gainera, proiektu berriak sortu dira, ezta?
I.E.: Azkenean, LABO hiru hankako proiektu bat bihurtu da. Alde batetik, LABO XL dago (erakustaldia), eta bestalde, LABO GO (sortze prozesuei dagokion atala) eta LABO GEO (dantza herri txikietara eramateko atala). Ohartu gara gaitasuna dugula konpainiak sortzeko, hasiberriak LABOra etortzen direlako sortze prozesu bat erakustera, eta gero, LABO XLn pieza aurkeztu dezaketelako. Adibidez, hori aurten bi konpainiarekin gertatuko da.
Gainera, Dantzagunearekin egiten dugu lan, eta bertan dagoen jendeak aukera du LABO GOn euren prozesuak erakusteko eta aurrerago, agian, XLn aurkezteko. Beraz, sare guztia elkarren artean ari da elikatzen, eta industriak zuen hutsune hori al dugun moduan betetzen saiatzen gara.
Donostian garatzen den egitasmo bat da LABO, baina Euskal Herri osora eta estatura ere zabaltzen da.
Ana Barrantes (A.B.): Bai. LABO jaialdia handitzen joan da, bai ikusle kopuruari dagokionez, eta baita ikuskizun kopuruari dagokionez ere. Beste autonomia erkidego batzuetako pertsonak ere ekartzen ditugu beraien sortze prozesuak hemen garatu ditzaten, izan ere, orokorrean, oso zaila da horretarako aukera izatea. Aldi berean, gu ere joaten gara beste jaialdi batzuetara eta beste erkidego batzuetara LABOren banderarekin, nolabait esatearren, eta horrek ere laguntzen digu proiektu berriak ezagutzen. Adibidez, Caceresko DZM jaialdiarekin elkarlana egiten dugu, eta urtero joaten gara jaialdiko ekitaldi batean epaimahai lanak egitera. Urtero, proposamen bat edo bi aukeratzen ditugu, eta hurrengo urtean, LABO jaialdira etortzeko aukera izaten dute.
Gainera, LABO gero eta gehiago handitzen ari da, eta iristen zaizkigun proposamen kopurua gero eta handiagoa da. Maiatza aldera zabaltzen dugu proposamenak jasotzeko epea, 300 konpainiak baino gehiagok idazten digute jaialdian parte hartu ahal izateko. Horrek, egia esan, ilusio handia egiten digu.
Aurtengo herrialde gonbidatua Portugal izango da. Beraz, beste herrialde batzuek ere badute LABOren berri, ezta?
I.E.: Portugalekoa gertatu izan da, Artekaleren bidez, Euskal Herriko hainbat programatzaile bi urtez jarraian Aveirora joan izan garelako. Bertan, Dos Canais jaialdia dago, oso garrantzitsua dena. Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat du Aveirorekin zubi moduko bat egiteko, eta gu hara joan eta bertako ikuskizunak ikusten ditugu. Ondoren, kontratazioa sustatzen saiatzen gara. Bertan izan nintzen lehenengo aldian, Rui Pires ezagutu nuen. Konpainia bat dauka berak, eta horrez gain, beste bi edo hiru dantza jaialdi ere baditu. Oso ondo ulertu genuen elkar berehala, eta hortik sortu zen elkarlana berarekin. Beraz, gu, konpainia gisa, bere jaialdian egon gara aurten, eta orain, bera eta bere konpainia etorriko dira LABOra. Gainera, jardunaldi profesionaletan parte hartuko du Piresek, eta hitzaldi bat ere eskainiko du.
Jaialdiko Bileratxoak atalak proiektu berriak sustatzen laguntzen die sortzaileei, adituen laguntzaz. Nola funtzionatzen du horrek?
A.B.: Bileratxoetan, konpainia bakoitzak bere mahaia izaten du, eta programatzaileak pasatzen dira mahai horietatik, banan-banan, elkar ezagutzeko. Hainbat jaialditan, horrelako topaketak antolatzen dituzte, baina normalean, oso azkarrak izaten dira. Mahai batean programatzaile asko egoten dira, eta konpainiek beraiengana joan behar izaten dute proiektuak aurkeztera. LABON, aldiz, alderantziz egiten saiatzen gara.
I.E.: Azkenean, gu ere konpainia gara, eta badakigu konpainia gisa bolo bat ateratzeko borroka egitea zer den. Normalean, jaialdietan eta ferietan, konpainiok hamar programatzaile dauden mahai batera joaten gara, eta hor defendatu behar izaten dugu gure lana. Beraz, oso argi geneukan LABOn artista izan behar zela eserita dagoena eta bere espazio segurua duena, eta programatzailea dela etortzen dena, elkarrizketa bat sortzeko bi aldeen artean.
Nola aldatu dira zuen motibazioak hasi zinetenetik hona?
I.E.: Nik uste dut hasieran zegoen hutsune horrek hutsik jarraitzen duela, eta LABOren lanak jarraipena izan behar duela. Iaz, hogei konpainia egon ziren, baina aurten 21 daude. Anak esan duen bezala, 300 proposamen baino gehiago jaso ditugu aurten, eta beraz, beharra hor dago; bai hasiberrientzat eta baita beteranoentzat ere. Izan ere, LABOk, jende gaztea laguntzeaz gain, urteak daramatzan eta laguntza behar duen jendearentzat ere eskaintzen du lekua. Beraz, hor dago motibazioa.
A.B.: Konpainia gisa ere, oso zaila da zirkuitu publikoan sartzea, adibidez, dantza garaikidea ia ez delako programatzen antzokietan. Oso konplikatua da, eta beraz, hemen gaude jendea babesten saiatzeko eta nolabait konbentzionalak ez diren piezei espazio bat eskaintzeko Donostian.
Publikoarentzat ere interesgarria da ohikoak ez diren proposamenak ikusteko aukera izatea, ezta?
A.B.: Adibide bat jarri nahi dut. Iaz, 70 urteko pertsona batek eguneko sarrera bat erosi zuen, oso ondo jakin gabe nora zihoan. Arratsaldea amaitu zenean, esan zigun bizitza luzatu geniola, ez zekielako zertara zetorren, eta sinetsi ezinik zegoelako zein ondo pasatu zuen. Batzuetan, esaten da hainbat gauza ez direla programatzen agian jendeak ulertuko ez dituelako, eta publikorik izango ez dutelako. Baina primeran dago horrelako espazioak existitzea, gauza berriak probatzeko eta ikusteko jendeak gogoko dituela horrelako ikuskizunak. LABO XL-k publiko berriak aurkitzeko lan egiten du, eta pozik gaude horrekin.
I.E.: Bai, eta aurreko galderarekin lotuta, hau ere motibazio bat da. Jendearen horrelako erantzunek laguntzen digute etengabe lanean jarraitzen. Ikuskizunez gain, jendea sortze prozesuak ikustera ere etortzen da. Esaten digute ez dakitela oso ondo zertara datozen, baina pozik irteten dira, etortzen diren bakoitzean, zerbait desberdina ikusteko aukera izaten dutelako. Hori da gure lana.