Santa Zezilia ospatzeko txistu eta abesbatza emanaldia egingo dute
Azaroaren 22a da Santa Zezilia eguna, musikarien patroia. Egun batzuk lehenago, hilaren 17an, Donostiako Udalaren txistulari taldeak eta Santa Cecilia abesbatzak bat egingo dute emanaldi berezi bat eskaintzeko udaletxeko areto nagusian. 12:00etan hasiko da.
Bi taldeak bakarka zein elkarrekin ariko dira askotariko obrez osaturiko programa eskainiz. Txistulariek emango diote hasiera emanaldiari Bonifazio Laskurainek Santa Zeziliari eskainiriko kalejirarekin, eta jarraian, Juan Ignazio Iztuetak bildu zituen doinu hainbat joko dituzte. Hala nola, Alboradetako soinua, Bi soinu zahar eta Neskatxen esku dantza. Aurten bete dira 200 urte Iztuetak Gipuzkoako Dantza Gogoangarrien Kondaira edo Historia liburua idatzi zuenetik, eta txistulariek hori gogoraraziko dute. Beraien bakarreko tartea amaitzeko Zaharra fandango aldaeraduna joko dute.
Santa Zezilia Koralaren txanda izango da ondoren. Laida Otaduyren zuzendaritzapean abesbatza hutserako errepertorioa entzuteko aukera izango da emanaldian. Honako obrak eskainiko dituzte: Hegoafrikar herriko Ipharadisi, Afro-amerikar Were you there, Leonard Cohenen Hallelujah, Irlandar herriko An Irish Blessing eta Edward Rimbaulten Oh happy day.
Kontzertua amaitzeko bi taldeek elkar hartuko dute oholtzan. Lehenengo, Bittor Zubizarretaren Ama begira zazu joko dute; jarraian, Xabier Sarasolaren Arantzazura eta Pablo Sorozabalen Kuku; eta musikarien patroiren ospakizun kontzertua amaitzeko Beti maite Raimundo Sarriegik Jose Bizente Etxegarairen hitzen gainean eginiko zortziko indartsua eskainiko dute. Gainera, azken pieza honetan, kontzertua abiatuko duen Santa Zezilia kalejiran bezala, Donostiako Musika eta Dantza Eskolako txistu ikasleak eta Donostia eta inguruetako txistulariek ere parte hartuko dute.