Aurtengo Euskaragida 10 urte azpiko haurren artean banatuko dute
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 2024ko Euskaragida argitaratu du. Haurrei zuzendutako euskarazko produkturik berrienak eta interesgarrienak jasotzen ditu hainbat ataletan sailkatuta (komikiak, DVDak, APPak, jokoak, liburuak, musika…). Era berean, produktuak hiru adin tarteka daude banatuta: 0-4 urte, 5-9 urte eta 10-12 urte. Gidan produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ere ageri da.
Jon Insausti Euskara zinegotziaren esanetan, gida lagungarria izango da euskarazko produktuen aukeraketa egokia egiteko: “Liburuaren ezaugarriekin eta gaiarekin asmatuz gero, haurrak gusturago irakurriko du eta irakurtzeko zaletasuna areagotu egingo zaio. Beraz, gida tresna lagungarria dela iruditzen zaigu”.
Aurten ere, 10 urtetik beherako haurren artean banatuko da gida hiriko ikastetxeen elkarlanari esker. Gida LH4 mailatik beherako haurren artean banatuko da. Horrez gain, zenbait saltoki, liburutegi eta kultur etxetan ere eskuratu ahal izango da. Guztira 10.000 ale banatuko dira.
Abenduaren 5etik 8ra Durangoko Azokak zabalduko ditu ateak euskarazko literaturaren berrikuntzekin eta handik gutxira Gabonak iritsiko dira. Beraz, horien aurretik zabaldu du gida Euskara Zerbitzuak, garai ezin hobea baita euskarazko liburuak erosi edota oparitzeko eta horiez gozatzeko.