Javier eta Fernando babesik gabe utzi dituztela salatu dute
Kaleratzeak Stopek agerraldia egin du Bulebarrean bi herritarren etxegabetze kasuen inguruko xehetasunak emateko.
Aldi baterako alokairuko geletan bizi diren Javier eta Fernando herritarren egoera larriaz ohartarazi du Kaleratzeak Stop plataformak, gaur goizean Bulebarrean egindako prentsa agerraldian. Javierrek 57 urte ditu eta ez du baliabiderik. Fernandok, berriz, 72 urte ditu kotizazio gabeko pentsioa jasotzen du, diru sarrerak bermatzeko errentarekin batera.
Sukalde eskubidea duten geletatik kaleratzear daude. Javierren kasuan, etxegabetze agindua urriaren 31rako ezarri zioten, eta zaurgarritasun baldintzak betetzen dituen arren, epaitegiak ez du aintzat hartu. Zorionez, etxegabetzea gelditu ahal izan du ofiziozko abokatuak jarritako errekurtsoa ebazten duten arte. Fernandok ere zaurgarritasun baldintzak betetzen ditu, eta, horregatik, gizarte zerbitzuek artatzen dituzte Grosen eta Parte Zaharrean.
Bi herritarren egoera kezkagarria aintzat hartuta, plataformak hainbat salaketa egin ditu agerraldian: “Batetik, agintariek babesik gabe utzi dituzte pertsona eta familia kalteberen ohiko bizileku gisa erabiltzen diren gela konpartituen aldi baterako kontratuak sinatzera behartuta dauden maizterrak. Bestetik, aldi baterako kontratu horiek eta legez kanpoko erabilera turistikoko etxebizitzak biderkatu izanaren erantzukizuna Donostiako Udalarena eta alkatearena da”.