Arraunaren zaletasuna, emakumeen begietatik
Harrera ona izan du 'Traineras, pasión por el remo' dokumentalak. Telmo Iragorri donostiarraren lana irailean estreinatu zen zinema aretoetan, eta dagoeneko Movistar+ plataforman ikus daiteke.
Donostiak lotura berezia du arraunarekin, batez ere, Kontxako Banderari esker. Ordea, inguruko beste herri batzuekin alderatuta, arraunarekiko zaletasuna ez da horrenbeste bizitzen Gipuzkoako hiriburuan. Horrela ere, hiru traineru ditu maila gorenean. Horietako bik, Donostia Arraun Lagunak-ek eta Donostiarrako neskek, leku berezia dute Traineras, pasión por el remo dokumentalean.
Telmo Iragorri (Antigua, 1985) da zuzendaria, eta denbora zeraman arraunari buruzko dokumental bat egiteko asmoarekin. «Arraunarekin txikitatik izan dut harremana, gurasoek Kontxako Bandera ikustera eramaten nindutelako. Ordea, kirol hau hobeto ezagutzea erabaki nuen, eta iaz filmaturiko dokumentalari esker, hurbilagotik jarraitzen dut», aitortu du Iragorrik. Dokumentala egiteko ideia 2015ean izan zuen: «Urte hartako Kontxako Banderan atera nuen argazki bat da dokumentalaren azala. Halere, 2021ean Donostia Arraun Lagunak-ek Kontxako Bandera irabazi zuenean, argi ikusi nuen arraunari buruzko film bat egin behar nuela. Izan ere, emakumezkoen traineru donostiar batek irabazten zuen lehen bandera izan zen».
Emakumezkoen arraunean sakontzen hasi zen. «Klubak, arraunlariak, eta, batez ere, patroiak aztertzen hasi nintzen. horri esker, dokumentaleko istorioari forma ematen hasi nintzen», azaldu du Iragorrik. «Uste dut bazela garaia emakumezkoen arraunari buruzko dokumental bat egiteko. Nik egindakoa da lehena, besteak beste, emakumezkoen goi mailako arrauna nahiko berria delako. 2009an sortu zuten liga, eta ordutik aurrera izan duen hazkundea etengabea izan da», gaineratu du.
Bost patroi, bidelagun
Askotarikoa eta esanguratsua da arraunaren historia. Horregatik, fokua emakumezkoen arraunean jartzea erabaki zuen. «Dena dela, hilabete asko pasatu ziren dokumentalaren egitura zehaztu nuen arte. Azkenik, emakumeen bost traineruetako patroien bidez arrauna bera zer den kontatzea erabaki nuen», esan du Iragorrik.
«Dokumentalaren helburua da publiko orokorrak arrauna eta kirol horrekiko zaletasuna zer den ezagutzea»
Bost patroiak dira Andrea Astudillo (Donostia Arraun Lagunak), Nerea Perez (Donostiarra), Nadeth Agirre (Orio), Izaro Lestayo (Tolosaldea) eta Miren Garmendia (Hondarribia). «Beraiek dira protagonistak, baina ez da bakoitzaren bizitza kontatzen. Arraunaren ingurukoa islatzea nuen helburu; zaletasuna, tradizioa, kultura eta itsasoari lotutako herrien presentzia», nabarmendu du zuzendariak.
Horrela ere, abiapuntua beste bat izan dela kontatu du: «Hasiera batean, protagonista patroia izatea erabaki nuenean, Donostia Arraun Lagunak-eko Andrea Astudillo soilik aukeratu nuen. Ikertzen jarraitu nuen, eta beste patroi batzuekin ere lan egitea erabaki nuen».
Urte emankorra eta lehiakorra
Dokumentala 2023. urtean grabatu zuten, martxotik azarora bitarte. «Zortea izan nuen hautaturiko urtearekin. Oso estua izan zen Kontxako Bandera, eta horregatik oso presente dago dokumentalean. Emakumezkoen lehia oso bizia izan zen, eta horrek asko indartzen du istorioa», adierazi du Iragorrik.
Patroiekin eta arraun klubekin izandako harremanaren bilakaeraz ere mintzo da zuzendaria: «Beraiengana jo nuenean, seguru nago ez zutela ulertzen zertan nenbilen. Telebista ginela uste zuten, baina ez zen gauza bera. Denboraldi oso baten jarraipena egingo geniela esan genien, ondotik, baina traba bat bihurtu gabe. Laguntasuna pixkanaka landu genuen, oso gertukoa izatera iritsi zen arte».
Arrauna «bizitzeko era bat» dela uste du Iragorrik: «Dokumentalaren helburua da publiko orokorrak, munduko edozein txokotan, arrauna eta kirol horrekiko zaletasuna zer den ezagutzea». Bizitzeko era hori patroien bidez kontatu nahi izan du, eta «oso gustura» dago emaitzarekin: «Patroiei ere asko gustatu zaie, eta harrituta daude duten presentziarekin».
Dokumentalak harrera ona izan du. Principe zinema aretoetan bigarren film ikusiena izatera iritsi zen, kritika onak izan ditu eta Movistar+ plataforma digitalean dokumental ikusienen artean dago. «Nire ustez, arrakastaren gakoa da kirol hau ez dela horren ezaguna praktikatzen den eremuetatik kanpo», dio Iragorrik.