Atxaga: «Zerbait argitaratzeko ez da toki hoberik munduan Euskal Herria baino»
Bernardo Atxagaren 'Etiopia' lan klasikoa berrargitaratu du Erein argitaletxeak.
Euskal poesia modernoaren zutarrietako bat da Bernardo Atxagaren Etiopia. Izan daiteke ere euskal kulturaren metafora bat: 1978an argitaratu zuten Pott bandako lagunek, autogestio ariketa eder bezain “xumean”. Ereinek berrargitalpen batzuk egin ostean, 1988an egin zuen azkena, eta, ordutik, ezinezkoa da ale bat eskuratzea.
Azaldu dutenez, fotokopietan irakurri zuten Jon Aranguren ilustratzaileak eta Anari Alberdi musikariak. “Ia kontrabandoan” pasatu den liburu honek apurketa, edo jauzi bat suposatu zuen euskal poesiagintzan, modernitatetik posmodernitatera salto egiten zelako.
Harea du metafora nagusi, eta ez, ordura arteko harria. Harria zulatzean sortzen den harea ez da zurruna eta gogorra, moldagarria da, eta berdin balio du umorea eraikitzeko edo mina egiteko. Arangurenen arabera, “Etiopia materia bat da, edozein sortzailek erabili dezakeena; materia infinitua da”. Aranguren bera arduratu da liburua berriz ere ilustratzeaz, Susperregiren irudi originaletako ildoari jarraituz, baina “jolastuz” eta “disfrutatuz”, Etiopia-ren izpirituari jarraituz.
Etiopia “ganberroa”
Atxagarentzat “hunkigarria” izan da Iñaki Aldekoak idatzitako hitzaurrea eta Anari Alberdiren gibel solasa: “Mundu honetan anai-arreba gutxi topatzen ditugu, eta topatzean, barneak mugitzen zaizkigu, lehengo pentsamenduei bueltak emanez”.
Honela, berrituta dator Etiopia. Atzera begiratuta, “zer ganberroa” zen hausnartzen du Atxagak. Lagun baten erantzuna: “Oraindik ere bazara, baina horrelako susmorik sortu gabe”.
Izan ere, apurtzailea zen edukiz eta moldez Etiopia. Sarrionandiak hausnartzen zuen eran, “euskara asmatu batean” idazten zuten, “mamuentzat”. Atxagak onartu duenez, Bilbori zor dio liburu hau. “Bilbo gabe ezingo nuen idatzi. Bilbo izan zen emagina”. Bilbo eta Asteasu “gertuago” sentitzen ditu Atxagak, Donostia baino. “Garaiko Donostiako euskal idazleek beste gauza batzuk zituzten buruan”.
Bilbon topatutako teatroa “abangoardista” ekarri du gogora, hark nola piztu zion idazteko grina, eta “arte burgesetik” kanpo eredu bat ematen duen diziplina bat bada, hori antzerkia dela aldarrikatu du.
Nostalgiari “ikara”
1988tik berrargitalpenik ez egitearen arrazoi nagusia “ikara” izan da, Atxagaren ustez. “Esaten baduzu duela 50 urteko lan bat berrargitaratuko duzula, nostalgiko deitzen zaituzte, eta ni, nostalgiarik gabeko pertsona bat naiz”, azaldu du.
Nostalgiko gisa irakurtzea izateari beldurra gaindituz, eskuartean dugun liburu honek belaunaldiak zeharkatu ditu, besteak beste, Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskoan biltzen direlako bertako poema asko.
Denboran irautearen gogoeta hartu du Atxagak, ohiko zaion umore eta zorroztasunez, Kafkaren “literatura txikiaren” teoria ekarriz: “Ez da munduan Euskal Herria baino toki hoberik zerbait argitaratzeko”. Poema batzuk musikatzen ditu batek, tabernan jarri besteak, eta gutxi batzuen ahotan ibiliko den arren, segida eta iraupena duela sentitzen duela azaldu du asteasuarrak.
Liburu hau Malagan atera izan balitz, ez lukeela ibilbide handirik izango uste du Atxagak: “Hizkuntza gutxitu batean idazten den obrak iraun egiten du”. Eta aldarrikapena itxi du: “Ez izan kexu abantaila behar lukeenaz”.
Honela, euskal poesiagintzaren harria zulatu zuen liburua berriz ere denon eskura dago. Ea bide honetatik jarraiki, euskal literaturan eta musikan galduta ditugun lanak erreskatatzen jarraitzen duten argitaletxeek.