Denboraldiko porrot mingarriena
Ibaeta Basketek eskura izan du garaipena, baina puntu bateko aldeagatik galdu du Perfumerias Avenidaren aurka.
Ligan burua altxatu ezinda jarraitzen du Ibaeta Basket saskibaloi taldeak. Nahi bai, baina ezinean dabiltza Azu Muguruzaren neskak. Atzo galdu egin zuten berriz ere Gaska kiroldegian, baina galtzeko modua izan zen mingarriena. Perfumerias Avenida talde indartsuaren aurka maila eman arren, puntu bakar bateko aldearengatik geratu ziren saririk gabe (56-57).
Neurketa oso parekatua izan zen, nahiz eta beti aurkariek errenta txiki bat mantendu markagailuan. Atsedenaldian, bi puntu aurretik zen Salamancako taldea, baina donostiarren partida berdintzea lortu zuten (50-50). Azken txanpan, ordea, arerioak indarrak ondo neurtu zituen garaipena eskuratzeko.
Bostetik lau norgehiagoka galdu eta bakarra irabazi ditu Ibaeta Basketek. Emakumezkoen ligako azken tokian daude, eta irabazten hasten ez badira, gero eta gehiago kostako zaie egoera iraultzea.