Disuasio parkeez
Edozeinek —eta ia edozertarako— zitatzen du George Orwell, baina tira, lerro hauetan tokitxo bat egitea ez dago sobran. 1946an, Politics and the English Language saiakeran, ohartarazi zuen hizkuntzaren erabilera manipulatzaileak eragina izan dezakeela errealitatearen pertzepzioan eta pertsonen pentsamendua kontrolatzea lor dezakeela. Badakizue, Bakearen, Egiaren, Maitasunaren eta Oparotasunaren ministerioak, eta abar.
Parke batean «disuasio parking» bat jartzeak badu sarkastikotik, baina baita ere badu, neohizkuntzatik. Hain zuzen, parking gehiago jartzeak, disuaditu baino, limurtu egiten ditu eta auto gidariak.
Guk parkeak nahi ditugu, umeentzat eta txakurrentzat. Eta behin eskatzen jarrita, ondo legoke helduentzat eta gazteentzat ere izatea parkeak, eta zaharrentzat, eta gorputz ez normatiboentzat, eta nahi beste kolektiborentzat. Zeren, noski, gerokoa badakizue: kaleak eta plazak enkontru leku izateari utzi, eta soilik tabernetan eta saltokietan egiten dugu topo eta gero datoz etxerik ez duten jende horiek eta nahiz eta saiatzen garen arkitektura gogorra a.k.a. eseri ezin zaren aulkiak jartzen haiek tematzen dira bertan egoten zeren klaro ez dute etxerik baina guri hori ez zaigu gustatzen eta bidaltzen dugu Polizia eta bukatzen dute kaleek hutsik eta hilik eta jendea beren etxeetan sartuta etsiak eta errak jota. Beraz, disuasio parkerik ere ez. Eta helduak ere umeak bezala jolastea, nondik zatozen galdetu behar izanik gabe.