«Gu ez gaude jendeari esateko zer egin, jendearekin batera antolatzeko, baizik»
Groseko Saretxe Etxebizitza Sindikatuko kideak dira Jon Basterra eta Nerea Azkona. Bizilagunen arazo zehatzetatik abiatuta, etxebizitzaren arazoa «arrakala» gisa aprobetxatu nahi dute, gizarte eraldaketan urratsak egiteko. Astelehenero, aholkularitza jartzen dute Groseko Hondarpe auzo elkartean, eta hamaika dira bizilagunen kexak. Eta hamaika, baita ere, garaipenak.
Sindikatua lanarekin lotua izan da historikoki. Zer da Etxebizitza Sindikatua?
Jon Basterra (J.B.): 2016a urte garrantzitsua izan zen Donostian: batetik, Europako Kultur Hiriburutza izan zen, eta, bestetik, Groseko Kortxoenea gaztetxea bota zuten. Une hartan, Bartzelonan sortzen ari ziren etxebizitza sindikatuak eredu hartuta, hainbat lagun elkartzen hasi ginen. Hasiera batean, sare forma hartu genuen, irakurketak eginez, kartelak jarriz eta abar, baina beti izan genuen sindikatu forma hartzeko helburua.
Zergatik etxebizitza sindikatua eta ez etxebizitzaren inguruan gauzak esaten dituen eragile bat? Eragile asko egon dira problematika ezberdinen inguruan euren iritziak partekatzen dituztenak eta lanketa bat egiten dutenak. Baina ikusten genuen horrek ez zuela gaitasunik jendearekin konektatzeko eta etorkizuneko gizartea eraikitzeko aurrerapausoak emateko.
Sindikatu laboralek lan mota hau egin dute historikoki, eta etxebizitzaren auzian lan hau egiteko aukera ikusten genuen. Ezberdintasun nagusia hori da: ez gara politika publikoetan eragiteko helburua duen eragile bat —hori ere egin nahi dugun arren—, gure helburua da ekintza sindikalaren bitartez jendea antolatzea. Orain arraroa ikusi daitekeen arren, gogoratu behar dugu XX. mende hasieran, sindikatu laboralak ere ez zirela legezkoak.
Zertan datza etxebizitza sindikatu bat?
J.B.: Sindikatu batek gertutasuna eta errealitatea behar ditu; lokatza zapaltzea. Lan hori auzoetatik egin behar da. Ez dago oso sozializatua lan egiteko modu hau, baina eraginkorra da. Aukera zabaltzen dugunean, jendea guregana dator. Horrek zerbait adierazten du. Geure interesak defendatzeko tresnak eskaintzen ditu, eta gutaz barre egin ez dezaten.
Nerea Azkona (N.E.): Saretxeren lan sindikalaz haratago, Donostian badu erreferentzia. Horregatik, gure helburua da klase borroka berpiztu eta etxebizitzaren aldeko mugimendua berrantolatzea; metropoli kapitalistan antolatu nahi dugu, baina auzoetatik abiatuta. Oinarrizko lurraldea auzoa dela pentsatzen dugu, bertan eraikitzen baitira borrokak eta komunitateak.
Donostiako auzo bakoitzean ere ezberdin izango da.
J.B.: Bai, Bidebietan eta Egian bere garaian eztabaida egin zuten eta beste forma batzuk hobetsi zituzten. Guretzat, garrantzitsuena da antolakuntza proposamen bat izatea: gu ez gaude jendeari esateko zer egin, jendearekin batera antolatzeko, baizik. Horrek eskatzen du atez ate ibiltzea eta kaleko lan handia egitea.
«Etxebizitza sindikatu batek gertutasuna behar du; eta lokatza zapaldu»
Jon Basterra, Saretxe
Zehaztu dezakezue zertan diren tresna sindikalak?
N.E.: Sindikatuko kideontzat autodefentsa edo auzodefentsa gisako erremintak sortzen ditugu, ditugun behar material eta subjektiboak asetzen saiatzen gara eta auzoetan komunitatea eraikitzeko erreminta izaten. Gizartearen indibidualizazioa ekarri du kapitalismoak, eta sindikatuak asebetetzen du komunitatearen beharra, zerbaiten parte sentiaraztekoa; alboan, lagunduko zaituen norbait daukazula sentitzea. Etxebizitzaren kasuan, konkretuki, etxebizitza duin bat lortzea da helburua, eta etxejabeen gehiegikeriak gelditzea.
J.B.: Astelehenero, aholkularitza juridikoa egiten dugu. Egiten ditugun kanpainak aholkularitzan egiten dugun lanaren ondorio dira. Fidantzen kanpaina abiatu genuen, astelehenero, jendea etortzen zitzaigulako etxejabeek lapurtu egiten zietelako bermea. Gida bat egin genuen, bai lapurtzerako orduan, eta baita kontratua sinatzerako orduan, kontuan izan beharrekoekin. Etxebizitza turistikoen kanpaina ere horrela sortu zen.
Etxebizitza turistikoen borroka izan da arrakastatsuena.
N.A.: Iazko udaran eraman genuen aurrera. Bizilagun batzuk hurbildu ziren guregana, kartel batzuk ikusi zituztelako, eta galdetu zuten ea zer egin genezakeen. Honela, euren eraikinetan batzea lortu genuen, eta etxebizitza turistiko berriak irekitzea debekatu zuten. Oihartzuna izan zuen, eta ondoko kalean berdina egiten hasi ziren eta, azkenean, izugarri zabaldu zen. Hau izan da jende gehien mobilizatu den borroka; batetik, turismoa arazo handi bat delako hirian, eta, bestetik, etxejabeek aurrera eraman zuten borroka bat izan zelako. Kontuan izan behar da herritarren gehiengoa jabetzan bizi dela Donostian.
J.B.: Bartzelonan, egunean hamar kaleratze judizial gelditzen ditu sindikatuak. Hori, Euskal Herriko testuinguruan, ez da gertatzen, baina horrek ez du esan nahi, inondik inora ere, arazorik ez dagoenik. Planteatzen duguna da etxebizitzen inguruan gatazkak piztu behar ditugula, eta hau baliogarria izan zen horretarako.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea aurkeztu berri duzue.
N.A.: Euskal Herriko txoko ezberdinetako sei sindikatuk osatzen dugu sarea. Sindikatuak elikatzeko tresna bat izango dira: oinarrian sindikatuak egongo dira, eta haien mesedetara egongo da sarea. Era berean, pentsatzen dugu denak elkartuta indartsuagoak garela. Euskal burgesiak bere euskal metropoliaren estrategia propioa duen moduan, nazionalki estrategia propioa izan behar dugu, aurre egiteko.
Bestelako tresna sindikalak erabiltzen dituzte sareko kideek: elikadura bankuak, adibidez.
N.A.: Herri Egituren Hipotesia deitzen dioguna da. Guk uste dugu lan sektoriala egitea beharrezkoa dela, integraltasunetik hasiz gero, dena ezerezean geratu daitekeela. Era berean, sektorialetik eraiki behar da integrala. Saretxe sindikatua ez da zerutik erori den zerbait; Hondarpe auzo elkartearen barruan kokatzen da, beste talde batzuekin batera. Ez diegu herri egitura deitzen, baina herri egitura funtzioa betetzen dute. Guk ez dugu elikadura bankurik, ez eta lur komunalik, guk egindako diagnostikoan ez duelako lehentasunik hartu, baina bai ari gara elkarlaguntza antolatzen.
Espainiako Etxebizitza Lege berriak badu puntu klabe bat alokairuaren gaiarekin: tentsio eremuak izendatzea.
N.A.: Legeari egiten diogun kritika nagusia da saiatzen dela problematikaren hainbat aspektu erregulatzen, baina ez duela errora jotzen: etxebizitza merkantzia bat dela eta negozioa den heinean, ez dela eskubide bat izango. Beraz, aldaketa txikiak egon arren, langile klaseak jarraituko du pobretzen eta etxejabeak jarraituko dute aberasten.
Positiboa iruditzen zaigu, noski, etxegabetze irekien kontua, higiezinen agentziei ordainsaririk ez zaiela eman beharko, alokairua ezingo dela igo %3 baino gehiago… Baina arrakala mordoa dago hor. Adibidez, etxebizitzak erreforma bat behar badu, %10 igo daiteke. Katalunian, mugak jarri zirenetik, etxejabeek bestelako zirrikituak topatu dituzte haien poltsikoak betetzeko.
Orain, are ikusezinagoak dira sindikatura datozen gatazka asko: agentziek filtro arrazista, klasista eta zisheteropatriarkalak jartzen dituzte, eta kolektibo asko etxebizitza eskubiderik gabe geratzen dira, berralokatuta eta abar. Lege honek ez ditu horrelakoak mugatzen. Aldaketa txiki batzuk dira, eta are ikusezinago bihurtzen ditu prekarizatuenak daudenen bizitzak.
J.B.: Jabe handien eta jabe txikien inguruko definizio berria ematen da. Eta hori ez dator gure inguruko errealitatearekin bat. Bi edo hiru etxeren jabea, haiekin negozioa egin nahi duena, errentatzaile txiki gisa definitzen du legeak, eta kasik haiek babestea bilatzen du.
Udalak eskatu dio Eusko Jaurlaritzari tentsio handiko eremu izendatzeko. Zer irakurketa egiten duzue?
N.A.: Tentsio handiko eremu izendatzen hasi dira, hain zuzen, etxebizitzaren merkatua, espekulazioaren ondorioz, kontroletik kanpo dagoelako; soldataren %30 baino gehiago ordaindu behar denean. Kontua da horri buruz hitz egiten dela, baina ez horren atzean dauden erantzuleei buruz: Donostiako kasuan, errentatzaileez gain, turismo industriari buruz hitz egin beharko genuke. Eta udala turismoa bultzatu eta bultzatu ari da. Hori ez da inongo momentuan zalantzan jartzen.
Alokairuan muga ekarriko luke?
N.A.: Katalunian, alokairua mugatu zenetik, etxebizitzen prezioak %2-3 egin du behera. Bada zerbait, baina ez da izugarrizko aldaketa. Edonola ere, lehen alokairuan zeuden asko orain turismora bideratuta daude eta horrelako trikimailuak ari dira erabiltzen etxejabeak.
J.B.: Hobekuntza txikien alde egongo gara beti, baina gure irakurketak harago joan behar du: merkatu libreari mugak jartzea oso positiboa da, baina inporta duena da inork ez lukeela etxebizitzarekin negoziorik egin behar.
Hernaniko kasu bat datorkit gogora. Duela urte eta piko, emakume bat kanporatzear zela, Hernaniko Udalak etxebizitza alternatiba bat eskaini zion. Hor eztabaida egon zen ea etxea egokia zen edo ez, baina horretan sartu gabe, eta pentsatuz egokia zela, hor etxegabetze bat gauzatu zen. Eta fokua hor jarri behar dugu. Ez dugula onartu behar etxegabetzerik, ez dugulako onartu behar etxebizitzarekin negoziorik.
Alokairuaren grebaz hitz egin izan dugunean, galdetu digute pentsioa osatzeko beharra duten etxejabe jubilatu horien inguruan… Tira, bada, pentsioak baxuak badira, pentsioak igotzeko borrokatu beharko dugu, baina ezin duguna onartu da geure klasearen baitan borrokak hauspotzea, eta bata bestearen gainean jartzea. Geure apustua da, zintzoki, etxebizitzarekin erabateko desmerkantilizazioa egitea.
«Agentziek filtro arrazista, klasista eta heteropatriarkalak
jartzen dituzte, eta kolektibo asko etxebizitza eskubiderik
gabe geratzen dira»Nerea Azkona, Saretxe
Etxegabetzeei dagokionean, Donostian ez dira asko entzuten. Alternatiba eskaintzen zaielako al da?
J.B.: 2022an, Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibelen etxegabetzea izan zenean, zazpi urte egon zen Donostia kaleratzerik gabe. Udalak ere esan zuen «Donostia etxegabetzerik gabeko hiria» zela. Hori ez da egia: isilpeko etxegabetzeez hitz egin behar dugu. Gatazka irekia ez dagoen arren, Poliziarekin eta abar, ez du esan nahi muturreko prekarietate egoerak ematen ari ez direnik. Azken urteotan hogei familiak behintzat alde egin behar izan dute Grosetik, Azora putre funtsaren ondorioz. Beste leku batera joan dira bizitzera, momentu batean, gaitasun ekonomikoa izan dutelako.
Ez al da zailagoa izaten egoera zailenetan daudenak antolatzea?
N.A.: Antolatzeko denbora behar da, eta normalean prekarioenek denbora gutxiago izan ohi dute. Adibidez, sindikatuko kide batek, Isakek, jabeekin zor handi xamar bat zuen. Horrek suposatzen zion egun batez gehiagoz lan egin behar izatea, eta ez zuen antolatzeko denborarik. Sindikatuaren baldintzen arabera, ekonomikoki laguntzeko aukera izan genuen, eta, orain denbora gehiago duenez, parte hartze handiagoa du.
J.B.: Egoera okerrenetan dagoen jendeak denboraren muga du, nabarmen. Adibide garbiena da etxeko langileena, euren kasuak kudeatzea ia ezinezkoa zaiguna. Egia da, ordea, askotan animatuagoa izaten dela profil horretako jendea, ez daukatelako horren asumituta etxebizitzarekin negozioa egin daitekeela. Uste dut Isaken moduko kide bat konbentzitzea errazagoa dela, eta ez bere aitonaren etxea oinordekotzan hartuko duen norbait.
Egoera prekarioan dauden migratzaile askok, nahiz eta gero agian ez duten borroka bat abiatu, gutxienez interesa erakusten dute. Ordea, klase ertaineko zuri asko etortzen direnean, esaten dute: «Guk ez dugu arazorik nahi». Ikuspegi hori landu behar da, hona etorri bazara arazoak dituzulako da! Askotan, jendeak lotsagatik eta beldurragatik nahiago du bere arazoa ez sozializatu.
Bilbon manifestazio nazionala egingo duzue abenduaren 14an. Ondoren zer?
J.B.: Madrilen, hainbat eragileek manifestazioa egin zuten urriaren 13an, eta, horren ostean, manifestazio eta ekimen berriak egiten ari dira. Katalunian etxebizitza sindikatu sozialistak eta beste sindikatu eta eragileek ere data bat proposatu zuten. Euskal Herrian, olatu hau aprobetxatzea erabaki genuen, eta abenduaren 14an egingo dugu. Estatu mailan antolatutako manifestazioekin alderatuta, aldeak badaude. Geure kasuan, etxebizitza sindikatuon artean soilik antolatu dugu, legitimitate aitortza bat eginez. Irakurketa komuna da eta etxebizitzaren desmerkantilizazioaren aldekoa da.
N.A.: Manifestazioaren ondorengoekin sukalde lanetan gabiltza. Tranpolin edo palanka bat izango da aurrera begirakoa antolatzeko.
Alokairu grebaren gaiarekin, asmatu behar da nola, baina jende gutxik daki Azorako hainbat bizilagun egiten ari direla alokairu greba, Grosen. Abusuzko klausula batzuk zituzten kontratuan, ez ordaintzeagatiko asegurua ordainduz. Bilera egin genuen bizilagunekin, eta lortu genuen hori ordaintzeari uztea. Alokairu grebez ari garenean, horrelakoez ari gara.
Alokairu greba, Grosen?
J.B.: 2021 urtean, Azorak ez zien kontratua berritu nahi izan maizterrei, eta hauek ordaintzen jarraitu zuten, prekarioan. Horietako bat, Gustavo, lanik gabe geratu zen, eta etxebizitza kontraturik ez zuenez, ordaintzeari utzi zion. Salaketa bat jarri zioten, baina lortu genuen beste etxebizitza bat berarentzat, eta hor geratu zen kontua.
Gaur egungo kontratuak, 2021etik aurrera sinatutako 25 orriko kontratuak dira. Klausulen artean asko dira guri gehiegizkoak iruditzen zaizkigunak, baina juridikoki horren argi ez daudenak. Aldiz, ez ordaintzeagatiko aseguruaren inguruan badira sententziak esaten dutenak hori ez dela maizterraren ardura. Bizilagun hauek baldintza penagarrietan bizi dira: zomorroekin, pareta zatiak erortzen, galdararik gabe —haurrak ur hotzetan bainatzen egon dira negu osoan…—. Sindikatu gisa, hiru salaketa bide ditugu: kontratuko baldintzak betetzen ari ez direla salatzea, ez ordaintzeagatiko abusuzko klausularena eta gure abokatuaren bidez ez komunikatzea. Asegurua ez ordaintzeari utzi zioten, eta espero dugu horrekin jabetza presionatzea. Kasu honetan, beraz, alokairu greba partzial bat da. Madrilen, itxuraz, greba orokor bat ari dira planteatzen.
«Groseko hainbat bizilagunek abusuzko klausula ordaintzeari utzi diote, alokairu greba partziala eginez»
Jon Basterra, Saretxe
Alokairu greba hori ikusiko dugu Donostian?
J.B.: Oraingoz, urruti gaude greba orokor batetik. Bitartean, diskurtsoari buelta eman behar diogu. Alokairuaren grebaren harira galdetzen dute ea zertaz biziko diren etxejabe horiek… Bada, beraien lanaz! Hauspotzen ari dena da errentatzailearen figura lanik egingo ez duen parasito gisa; gizartean oso onartuta dago, badagoela jende bat besteen lanaren bizkar bizi dena. Horrek eskatzen du etxebizitza negozio gisa tratatzeari uztea, eta mugak jartzea. •