Hilari Villahoz: Harrian parkea egitea lortu zuen emakumea
Harria parkea da Altzako espazio libre nagusia, auzotarrek erreferentzia gisa dutena. Ordea, zortzi etxebizitza dorre zeuden aurreikusita eremu horretan, eta parkea herritarren borrokari esker lortu zen; Hilari Villahozek hasitako borrokari esker.
Hilari Villahozen (Cevico Navero, Palentzia, Espainia, 1935) etxean sartu bezain laster, Altzako historia zati bat aurkitu du erreportaje hau sinatzen duen kazetariak egongelan: 1986tik 1992ra bitarteko Egin eta El Diario Vasco egunkarietako hamarnaka ebakin, karpeta zahar batean urte luzez gordetakoak. Denek dute gauza bat komunean: Altzaren inguruko albisteen egunkari zatiak dira; bereziki, Harria parkeari buruzko albiste eta erreportajeenak.
Izan ere, Altzaren aldeko borrokalari nekaezina da Villahoz. Bereziki, egungo Harria parkearen alde borrokatu zen, eta egunkari zati horiek guztiak dira borroka horren bilakaeraren erakusgarri.
Harria oihana zen
Egun Harria parkea dagoen eremuan, Arriaga oinetxe garrantzitsua zegoen Behe Erdi Arotik —1465ekoa da lehen aipamena—, baina 1980ko hamarkadaren hasieran, erabat utzita zegoen eremua: «Txikitan, bi jolasgune genituen Altzan: la selva eta las tierras movedizas. La selva egungo Harria parkea zen, eta bestea egungo kiroldegiaren ondoko zona bat zen, uralita fabrikaren hondakinez beteta zegoena; beraz, pentsa auzoaren egoera zein zen», gogoratu du Villahozen alaba eta Altza XXI Herri Ekimeneko kide Isa Pacek.
Villahozek dioenez, eremua xiringaz beterik zegoen —heroinak gogor jo zuen garaia zen—, arratoi ugari zeuden, zabor asko zegoen bertan botata, eta abar. «Altza legerik gabeko auzo bat zen. Denetik zegoen eremu horretan: zikinkeria, baratze batzuk… ardiak ere jarri zituen batek! Tengo una ovejita lucera abesten nion leihotik», gogoratu du altzatarrak.
Bere etxeak lursailera ematen zuen, eta egunero-egunero eszena hori ikusteaz nazkatuta —inguruko etxeen artean ingurua garbitzeko langile bat kontratatzeko esfortzua egitera heldu ziren—, bertan parke bat eraikitzearen alde borrokatzen hasi zen Villahoz: «Altzan ez zegoen ganorazko parkerik, eta eremu hori aproposa izan zitekeela iruditu zitzaidan», gogoratu du. Horrela, bere kabuz hasi zen, 1983. urtearen bueltan: «Etxez etxe sinadurak biltzen aritu nintzen, eta, horrez gain, eremuko argazki batzuk eta horren inguruko gutun bat eman nizkion Iluminada Soto auzoko zinegotziari. Baina gaia mugitzen ez zela ikusita, auzoko bizpahiru emakumerekin batera, udaletxera joatea erabaki nuen». Bertan, kontatu duenez, Ramon Labaien alkatearekin topo egin, eta egoeraren berri eman zion: «Esan zidan hurrengo egunean joango zela auzora; azkenean, handik bi egunera etorri zen. Justu nik esan ostean; kasualitatea!».
Labaien Altzara joan zen, baina arazoa ez zen horren erraz konpondu, eta Altzako Koordinakundean antolatu ziren altzatarrak: «Nire kabuz hasi nintzen, baina auzoko batzuek nire berri izan zuten eta koordinakundea sortu genuen». Antolakundean, Harria parkearen gaiaz gain, drogaren aurkako kanpainak, auzoaren askotariko beharrak eta bestelakoak lantzen zituzten. Aldi berean, Villahoz etengabe zebilen alkatearen eta zinegotzien —HBko Felix Soto, EAko Enrique Arana eta PPko Gregorio Ordoñez aipatu ditu— ateak jotzen, irratira hitz egitera joaten, kale ekintzak egiten, eta abar: «Guk nahi genuen hor parke bat egitea».
Dorreak zeuden aurreikusita
Harria parkearen alde borrokatzen hasi zirenean, Villahozek eta bere kideek ez zekiten bertan zer zegoen planteatuta: 1950eko hiri antolamenduko plan orokorretik, (HAPO) zortzi etxebizitza dorre zeuden aurreikusita bertan. «Nahiko isilpean zegoen gaia. Ordea, tarteka, proiektuaren inguruko zerbait entzuten zen; ama sutan jartzen zen eta deiak egiten hasten zen», gogoratu du alabak. Espresuki dorreen aurka borrokatzen hasi ez baziren ere, dorreen gaiak are gehiago borrokatzera eraman zituen auzotarrak, izan ere, Pacek nabarmendu duenez, «parkearen alde borrokatu ziren etengabe. Garai hartako Altzan, inolako espazio librerik ez zuena, erdigunean zortzi dorre egitea gehiegizkoa zen».
Altzatarrak mugitu izan ez balira, alde batera utziko zuen udalak egungo Harria parkeko dorreen proiektua?
Villahozek gogoratu duenez, Labaienen udal gobernua (1983-1987) izan zen lursailaren desjabetze prozesua abiatu zuena, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren baimena ez zen 1989ra arte iritsi; tartean, 1987an, sutea izan zen Arriaga etxean, ordurako utzita zegoena, eta eremua are gehiago degradatu zen. Desjabetzea gauzatu eta proiektua idatzi zenerako, Xabier Albistur zen hiriko alkatea (1987-1991). Azkenean, Odon Elorzak alkatetza hartu eta gutxira inauguratu zen parkea, 1992ko maiatzaren 9an. «Bederatzi urtez aldarrikatutako parkea» zela jaso zuen Egin-ek inaugurazioaren biharamunean.
Parkea inauguratuta ikustean zer sentitu zuen galdetuta, argi erantzun du Villahozek: «Atsedena». Halaber, bitxikeria bat kontatu du: «Egun, parkean jarrita dagoen armarria, Arriaga baserriarena zena, lurrean botata egon zen denbora luzez. Auzoko beste batek eta nik eraman genuen bertatik —kostata, izugarri pisatzen baitzuen— eta udal langileei esan genien guk geneukala, nahi zutenean zerbait egiteko harekin».
Borrokaren fruituak
Kostata, baina altzatarrek lortu zuten Arriaga oinetxearen lursailean auzoarentzako parke bat eraikitzea; mugitu izan ez balira, alde batera utziko zuen udalak dorreen proiektua?
1950eko HAPOan, Harriako dorrean ez ezik, Auditz Akularren etxebizitzak eraikitzea ere aurreikusita zegoen; hain zuzen ere, orain berrikusten ari diren HAPOaren aurrerakinak ere jasotzen du berdegunea suntsitu eta bertan 3.000 etxebizitza eraikitzea: «Orain, hauei dagokie horren aurka borrokatzea, eta, ez pentsa, ni ere banabil beraiekin!», dio Villahozek, Altza XXIn buru-belarri dabilen alabari erreferentzia eginez. Hain zuzen ere, Harria parkearekin, espazio libre esanguratsua irabazi zuen Altzak, baina zentzu horretan eta beste hainbatetan behar handiak ditu oraindik auzoak, etxebizitza gehiagorekin beteko ez direnak. Eta, Villahozen eta bere kideen lanak erakusten du lortu daitekeela dokumentuetan idatzita dagoena aldatzea.