Autobus zerbitzu duin bat eskatzeko elkartu dira Igeldoko herritarrak
Igeldoko autobus zerbitzuak okerrera egin du azken urteotan. Hori dela eta, Herri Kontseiluko kideek eta hainbat herritarrek euren haserrea adierazi dute. “Ezarrita dagoen zerbitzua ez da betetzen, eta beti gabiltza atzerapenekin. Ez dakigu autobusa noiz iritsiko den, horrek dakartzan ondorio kaltegarri guztiekin”, deitoratu dute.
Autobusak ibilbide osoa egiteko 40 minutu behar ditu gutxienez, ohartarazi dutenez. “Batzuetan gehiago, dabilen jendearen arabera”, gaineratu dute: “Ezinezkoa da Igeldotik Bulebarrera 30 minutuan iristea funikularrean sartu eta Sanserrekatik igota. Edo alderantziz. Ibilbide hori 30 minututan ezin da egin eta kontuan izan behar da autobus batek geldialdiak egin behar dituela”.
Egoera honen aurrean, eskaera zehatza egin diote Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziari eta Dbusi. Konponbide bat topatzeko eskatu diete: “Ezarrita dagoen zerbitzua betetzeko eskatzen dugu; hau da, puntualtasuna betetzea eta helmugara 30 minututan iristea”.
Hainbat bilera
Arazoa konpontzeko, Herri Kontseiluak hainbat bilera egin dituzte Dbuseko arduradunekin. “Bilera horietan adierazi zuten, hasiera batean Igeldo eta Antigua lotuko lituzkeen anezka zerbitzu bat jartzea aukera posible bat litzatekeela zerbitzua hobetzeko. Halere, hori lantzeko ere ez dira prest azaldu gerora. Hortaz gain, zerbitzua hobetzeko ez digute beste planteamendurik egin”, azaldu dute.
Aurten, prest egon dira zerbitzua hobetzeko proposamenak lantzeko, baina zain jarraitzen dute. “Egoera hobetzeko zerbait egin behar du udalak. Ezin dugu horrela jarraitu. Kontuan hartu behar da Igeldok hainbat ezaugarri bereizgarri dituela, besteak beste: Donostiatik 5 kilometrora isolatuta dago, desnibel handia dauka bertara iristeko, sakabanatutako auzune ugari ditu… eta autobus zerbitzu hau da hirigunearekin lotzen gaituen zerbitzu publiko bakarra. Zerbitzu duin bat da eskatzen dugun gauza bakarra. Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Ezarrita dagoen zerbitzua betetzea eta gaur egun daukagun komunikazio arazoa konpontzea, baizik”, nabarmendu dute.
Gautxoririk ez
Igeldo da Dbusen Gautxori zerbitzurik ez duen bakarra. “Zergatik gara gu bakarrak?”, galdetu dute. “Une honetan dagoen zerbitzuak ez du balio. Ez dakigu noiz etorriko den autobusa eta zenbat denbora beharko duen iristeko. Ondorioz, eguneroko zereginetarako ezin da erabili: lanera joateko, erosketak egiteko, anbulatoriora edo farmaziara joateko, aisialdirako…”, salatu dute.