Easo plazan talka egin dute LQNTCDD-ren elkarretaratzeak eta kontramanifestazioak
'Hiri seguruago bat lortzearren' lelopean egindako deialdia 30 bat lagunek babestu dute. Aldiz, kontra agertu diren herritarrak eta eragileak 300 baino gehiago izan dira.
Hainbat elkarretaratze bertan behera utzi ondoren, Lo que no te cuentan de Donosti taldeak Easo plazako deialdia mantendu du. Ordea, herritar oso gutxik babestu dute gaur arratsaldeko mobilizazioa. Talde antifaxisten kontramanifestazioa, berriz, jendetsua izan da, eta LQNTCDD-ren elkarretaratzeko jendea zokoratu dute. Faxistak kanpora eta Arrazakeria borrokatu aldarriak oihukatu dituzte.
Ertzaintzak ezarritako perimetro polizialak nahasmendua sortu du Easo plazan. Zintekin itxi dute plazaren erdigunea, eta bi mobilizazioak bereizten ahalegindu dira. Ordea, LQNTCDD-ren elkarretaratzea perimetrotik kanpo egin dute, banku batzuetan eta kontramanifestazioko kideei begira. Orduan, tentsio uneak sortu dira, eta Ertzaintzak LQNTCDD-ren deialdiarekin bat egin duten pertsonak babestu ditu.
Horrek giroa gehiago berotzea ekarri du, eta Ertzaintza kontramanifestazioaren kontra oldartu da borrak erabiliz eta pilotakadaren bat botata. Salatu dutenez, hainbat zauritu daude. Egoera horren aurrean, Ertzaintzak LQNTCDD-ren elkarretaratzeko kideak plazatik kanpo atera eta beste leku batera eraman ditu. Poliziaren jokabidearekin haserre agertu dira, eta kontramanifestazioko kideei irainka ibili dira.
“Atsekabetuta”
LQNTCDD-ko kideek 19:00ak izateko minutu gutxi falta zirenean erabaki dute handik joatea. Gutxira, Instagram eta Telegram kontuetan gaztelaniazko oharra plazaratu dute: “Oso atsekabetuta gaude jendearen erantzunarekin. Beldurragatik dela ulertzen dugu. Dena dela, haserreago gaude Ertzaintzaren jokabidearekin. Gure asmoen berri informatzen jarraituko dugu. Egunetik egunera argiago dugu zeintzuk diren benetako faxistak”.