Beñat Gaztelumendik Illunben kantatuko du, Oiartzungo finalerdia irabazi ondoren
Añorgako bertsolariak lehen postua lortu du 560,5 puntu eskuratuta eta zuzenean sailkatu da finalera. Bere atzetik gelditu dira Ane Labaka (552 p.), Nerea Elustondo (522,5 p.), Asier Azpiroz (475,5 p.), Oier Etxeberria (468,5 p.) eta Eli Pagola (449 p.).
Azaroaren 17an finalerdietako hiru saioetako lehenengoa jokatu da Oiartzunen. Mila bertsozalek goraino bete dute Elorsoro Kiroldegia. Giro ezin hobea zegoen bertsotarako, baina bertsolariak distirarik gabe ibili dira saio osoan zehar. Oso lotuta nabaritu ditugu, bertsoek finalerdietan izaten duten ohiko edertasunetik urruti. Akats eta irristaldi asko ikusi ditugu eta Gaztelumendi izan da edertasunetik gertuen ibili den bertsolaria.
Berritasun askorekin iritsi dira finalerdiak. Izan ere, epaile-taldearen aldaketaz gain, egin beharreko lanak ere berriak izan baitira. Zortziko handian hiruna bertso osatu behar izan dituzte, zortziko txikian launa bertso bi rol kontrajarri emanda eta ganbarako lana guztiz desberdina izan da. Seiko motzean binaka, gai beraren inguruan hiruna bertso osatu behar izan dituzte ganbaran. Ariketa oso irristakorra eta teknikoki zailtasun nabarmenak ditu seiko motzeko ariketak, sei errima metrika luze eta laburrak nahasiz ongi jostera behartzen baitu bertsolaria. Normalean, ganbarako lana bakarka ikustera ohituta gaude, baina antolatzaileek aldatu egin dute aurtengo finalerdien lan-egitura. Ganbarakoaren ostean, zortziko txikian, puntutan zortzi bertso osatu arte ibili dira eta azkenik, bertsolari bakoitzari bakarkako gai desberdin bat jarri die Ane Ezenarro gai-jartzaile eibartarrak.
Gaztelumendi izan da saio gorabeheratsu honetan erregularrena eta akatsik agin gabe ibili den bakarrenetakoa. Bere hausnarketa kritikoak hasiera-hasieratik plazaratu ditu eta bakarkako izugarri batekin lehen postua eskuratu du. Hori dela eta, zuzenean abenduaren 14an Illunben izango den finalera sailkatu da. Gaztelumendiri bakarkako lanerako egokitu zaion gaia bere neurrira egina zegoela zirudien; kale-garbitzaile baten papera tokatu zaio Gaztelumendiri eta kalean geroz eta pertsona gehiago lotan ikusten dituela adierazi dio Ezenarrok. Hiru bertso gaurkotasunetik zorrotz eraiki ditu eta lehen bertsoan honela ireki du bidea: ‘’Erratzarekin banabil/ Bulebarrean barrena/ Laboralan sukurtsala/ hori pasa dut aurrena/ lehenbizi orbel pilo bat/ udazkenak dakarrena/ plastikozko zenbat ontzi/ gertu baitago taberna/ ta gero Plaza Berrian/ apurtu ohi zaigu sena/ hainbeste jende delako/ kalean geratu dena/ ta bizitokitzat kartoi/ mehe bat hartu duena/ horixe da Donostiaz/ kontatzen ez digutena’’. Bigarren bertsoa ere bikaina izan da hasi eta buka: ‘’Ta nere begiak zaizkit/ ia malkotan beratu/ alperrik estadistikak/ alperrik hainbeste datu/ lehen berrogeita hamar ziren/ gero ehunera hedatu/ ta bizilagunek zuten/ beren sarea eratu/ kalean bizi beharra/ inork ez du aukeratu/ tamalez Erdi Arora/ ez ote garen bueltatu/ udalak erabakita/ Donostian da gertatu/ portalak barrotez itxi/ ta afariak debekatu’’. Honekin nahikoa ez eta ‘’…Europak biziko bada/ gaur burgesak behar ditu/ ta hala gabiltza kaleak/ garbitu eta garbitu’’ kantatu du hirugarrengo bertsoan eta honela bikain borobildu du bere saio puntuagarria. Gaurko faborito nagusiak ez du hutsik egin eta finalean ere txapela janzteko faborito nagusienetako bat izango da, ez bada nagusiena.
Ane Labaka lasartearra ere fin ibili da, horren adibide nabarmena da irabazlearengandik zortzi puntu eskasera gelditu dela hamazazpi bertso puntuagarri kantatu ostean. Bere ohiko errimatze estua eta diskurtso zorrotza erabiliz bixi-bixi egin du bertsotan. Agian ez du sekulako kolperik jo, baina ez da ariketa batean ere erori eta mailari ederki eutsi dio. Hamazazpi bertso kantatu ostean hanka sartzerik ez egiteak, Labaka nolako bertsolaria den ederki adierazten du. 2019an finalista izan zen eta aurtengoan ere errepikatzeko bidean da.
Final horretatik ere ez da urrun izango Nerea Elustondo. Legazpiko bertsolaria ondo ibili da ia saio osoan zehar, bere ohiko umore ironikoa hainbatetan plazaratu du eta 522,5 puntu lortu ditu. Puntutan eta zortziko txikian utzi dizkigu ale politak. Amaierako agurrean honela zuzendu zaie kantatzeko falta diren hamabi bertsolariei: ‘’Ai buru zahar hau beti ez dabil/ guk nahiko genukeen legez/ batzutan ondo funtzionatzen du/ eta bestetan aldrebes/ finalerako bidean orain/ hola-hola nagoenez/ falta direnei zorteik onena/ baina onegia ere ez’’. Beraz, Elustondok bere burua arriskuan ikusten du eta Zarauzko eta Arrasateko saioen zain egon beharko du finalerako txartela eskuratuko duen ala ez jakiteko.
Elustondoren atzetik gelditu dira Azpiroz, Etxeberria, eta Pagola. Hauek, finala publikotik entzun beharko dute. Ez dira ibili ohiko mailan, finalerdietan izaten diren tentsioak eta urduritasunak ez diete utzi euren maila bikaina plazaratzen eta bertsoa osatzerako orduan kostata ibili dira ia saio osoan zehar. Akats txiki bat larrutik ordaintzen da txapelketaren garai hauetan eta erregulartasuna ariketa guztietan mantentzea oso zaila izaten da. Pagolak bota duen amaierako agurra azpimarratzekoa izan da: ‘’…hemen profesionalak/ daude ta gero gu/ bagenekien eta/ eutsiko diogu/ baina bideak ere/ asko balio du’’. Profesional apartak dira Oiartzunen kantatu duten sei bertsolariak, inprobisazioak horixe du, beti ezin da asmatu, baina harro egoteko bidea egin dute finalerdietara iritsi diren bezala iritsita. Horretaz gain, 2026ko Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko txartela eskuratu dutenez, hemendik bi urtetara bertsoaren lehia handienean ikusiko ditugu eta izango duite aukera gaurko arantzatxoa Euskal Herriko beste herriren batean kentzeko.
Beraz, honela joan da lehenengo finalerdia. Distira gutxiko saio gorabeheratsuaren ostean beste bi saio falta dira finalerako zortzi bertsolariak nortzuk izango diren jakiteko. Azaroaren 24an Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegiko oholtza gainean Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Aner Peritz ‘’Euzkitze’’, Eneko Araiztegi ‘’Korta’’, Eneritz Artetxe eta Unai Mendizabal izango ditugu nor baino nor. Aurpegi berriek ezustekoa eman dezakete, faboritoek euren faboritismoa zergatik daramaten erakutsi beharko dute eta guzti-guztiak prest egongo dira Illunbeko oholtzako zazpi aulki anonimoetan euren izen-abizenak idazteko.