Bera Berak balentria eginda lortu du helburua
Donostiako eskubaloi taldeak kanporaketa irauli, Lublin gainditu (26-20) eta Europa ligako multzoen ligaxka jokatuko du.
Denboraldiko helburu garrantzitsuena bete du Bera Berak; Europa ligako multzoen ligaxkara sailkatzea. Pasa den sasoia bukatu orduko ezarri zuten helburu hori —azkenekoz 2018-2019 denboraldian lorturikoa—, eta kostata bada ere, atzo eguerdian ziurtatu zuten Gaska kiroldegian. Bai, etxeko zaleen aurrean.
Poloniako Lublin taldea lau goleko abantailarekin etorri zen Donostiara, eta hori iraultzea ezinbestekoa zen donostiarrentzat QR3 kanporaketa gainditzeko. Baita lortu ere, partida bikain bati esker (26-20). Hasieratik, sendo eta erasokor aritu zen Bera Bera Esther Arrojeria buru zuela. Neurketa parekatua izan zen lehen minutuetan, baina atsedenaldira errenta politarekin iritsi ziren etxekoak: 14-9. Horri eusteak eta abantaila areagotzeak baino ez zuen balio. Markagailuan 25-17 jarri zirenean, emaitza kudeatzen hasi ziren, eta helburuak ez zuen ihes egin. Bukaeran, sei goleko aldearekin irabazi zuten.
Horiek horrela, Bera Berak Europa ligako multzoen fasea jokatuko du 2025eko urtarrilaren 11tik aurrera.